argia.eus
INPRIMATU
Gasteizko zabortegia esleitzeko 600.000 euroko komisioa eskatu zuen PPko bitartekari batek
  • Dentro de lo normal liburuan salatzen denez, “100 kiloko” eskupekoa jaso zuen “Madrilgo tipo batek”, Gürtel auzian dagoen NIGE sozietatearen bitartez.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko ekainaren 02a

El Diario Norten argitaratu da berria, bertako kazetari eta liburuaren egile den Iker Riojak aurreratu duenez. Aipatu liburuak EAEko ustelkeria kasu ugari aztertzen ditu eta bertako elkarrizketa batean ematen dira kasu honen xehetasunak.

Gasteizko Udaleko Ingurumen arloak egin zuen kontratazioa, Alfonso Alonso alkate eta Idoia Garmendia zinegotzi ziren garaian. Lehiaketa publikoaren xedea Gardelegi eraikuntza eta eraispenetarako hondakinak tratatzeko instalazioaren kudeaketa zen.

Sufi, Escor eta Lanbidek lortu zuten esleipena, Udaleko teknikariek erabaki zutelako gainontzeko parte hartzaile guztiek gutxieneko balorazio teknikorik ez zutela betetzean. Esleipenaren %50a lortu zuen Sufik, Nuevas Iniciativas de Gestión Empresarial (NIGE)-ri aipaturiko eskupekoa eman zion, Dentro de lo normal-en diotenaren arabera.

Bestelako irregulartasunak ere salatu izan dira Gasteizeko udalaren Ingurumen arloari lotuta: FCC-ren kontratazioa edo Gardelegi bertako obren luzapena.