argia.eus
INPRIMATU
Gasteizeko Udalak berriz aztertu beharko du Armentia-2 putzuaren gas esplorazioa
  • Eusko Jaurlaritzak duela urtebete eskatu zion balizko gas putzua esploratzeko baimena Gasteizko Udalari, baina honek ez zion baimenik eman, hiriaren hirigintzako araudiarekin bateraezina zela argudiatuta.

ARGIA @argia 2022ko urtarrilaren 26a
Armendita 1-eko putzua, dagoeneko desegina eta orain egin nahi izan den honetatik gertu. (Arg.: Irekia)

Eusko Jaurlaritzak azkenean, 2021eko apirilean iragarri zuen esplorazio proiektua baztertu egingo zuela. Arrazoi bat zen Gasteizko Udalak horretarako ezezkoa eman ziola, beste bat aldiz, Eusko Legebiltzarrean Klima Aldaketaren Lege berriak lur azpiko baliabideak esploratzea eta ustiatzea debekatzen duela.

Hala ere, Jaurlaritzak helegitea jarri zion Gasteizko Udalari eta orain, neurri batean bederen, Gasteizko Auzi Administratiboetarako hirugarren Epaitegiak arrazoi eman dio. Ebatzitakoaren arabera, epaileak eskatzen dio Gasteizko Udalari erantzun diezaiola modu oso batean Jaurlaritzaren eskaerari, ez dela nahikoa adieraztea ez datorrela bat hirigintza planarekin.

Jaurlaritzaren eskaerak bi atal zituen, bata gas esplorazioari lotua, eta bestea, espazioaren ingurumen birsorkuntza plan bat. Epailearen iritziz, esplorazioarenari erantzun zion udalak, baina ez ingurumen planari, eta horregatik orain eskatzen dio erantzun oso bat eman diezaiola.

Ebazpenak, hala ere, oraingoz ez dio baimenik ematen Jaurlaritzari miaketa lanei ekiteko. Esan bezala, gainera, honek uko egin zion horri apirilean. Hala ere, Eusko Legebiltzarrak iragan abenduan onartu berri du larrialdi klimatikoari begira udalen gainetik erabaki ahal izateko Ingurumen Administrazioaren Legea. Gasteizko Udalak iragarri du ebazpen berri honen aurkako helegitea jarriko duela.

Albiste honen berri El Correo-k  eman du.