Hiru ardatz nagusi ditu protokoloak: pedagogia, prebentzioa eta erantzuna. 24 orduz aktibo egonen da erasoak salatzeko telefono zenbakia: (+34) 747 414 834.
Erasoei aurre egiten laguntzeko printzipio, oinarri eta balio komun batzuk zehaztea da Gasteizko auzoetako jaietako protokolo feministaren helburua. Egoera eta testuinguruak “askotarikoak” direnez momentuko errealitatera egokituko dira. Ekainaren 7tik aurrera, Gasteizko Mugimendu Feministak telefono zenbaki bat martxan jarri du erasoak salatzeko, erasoei erantzuna emateko eta erosoturiko pertsonei akonpainamendua egiteko. 24 orduz aktibo egonen da telefonoa: 747 414 834.
Hiru ardatz nagusi ditu protokoloak; lehenik, pedagogia: "Protokolo honek indarkeriaren gaineko hausnarketa, formazioa eta lanketa kolektiboa egitea du helburu". Bigarrenik, prebentzioa: protokoloa eraso egoera bat salatu edo aurre egiterakoan komunitatearen "babesa ziurtatzeko" tresna bat delako. "Erasoen aurkako prebentzio tresna gisa funtzionatu dezake disuasio-funtzioaren bidez". Azkenik, erasoen aurkako "jarrera irmoa" erakustea du helburu protokoloak: "Erantzun kolektiboak artikulatzeko baliabideak eta tresnak sortzen ditugu".
Ardura kolektiboa
Intersekzionalitatean oinarritutako protokolo bat dela nabarmendu du Gasteizko Mugimendu Feministak; hau da, generoa, adina, arraza edo jatorria, aniztasun funtzionala, klase soziala eta beste kontuan hartzen dituela: "Guztiontzat seguruagoak izango diren espazioak bultzatu nahi ditugu".
Gaineratu dute, protokoloaren konpromisoa Mugimendu Feministatik "harago" joan behar dela, jaietan parte hartzen duten "guztien" ardura delako: "Erasoak egiten dituzten pertsonak ez dira isolatuta bizi, eta askotan jarrera oldarkorrak edota zuzeneko erasoak ingurune hurbilean identifikatu daitezke". Prebentzioan gizonek "ardura handia" dutela nabarmendu dute.