argia.eus
INPRIMATU
Iruñea: “Dena aldatzera gatoz”
  • Dena aldatu, sistema arrakalatu lelopean hartu ditu karrikak martxoaren 8an Nafarroako mugimendu feministak. Azken urteetako olatu feministak kaleak astindu ditu berriro eta kolektibo indartsu gisa kalera irten da; oraingoan, izurriteak mahai gainean agerian jarri duena salatzeko, feminismo antiarrazista eta antikapitalista aldarrikatuz.

Kattalin Barber 2021eko martxoaren 09a
Argazkia: Kattalin Barber.

Pandemiak aurtengo Martxoaren 8a baldintzatu duen arren, Iruñerrian eta Nafarroa osoan mobilizazioak izan ziren atzo. Deialdiak deszentralizatzea hobetsi du emakumeen mugimenduak eta karrikak bete dituzte Nafarroan, 66 ekitalditan, herri, auzo zein hiritan bizitzak erdiguneratzeko beharra aipatuz. Izurriteak agerian utzi baitu zaintza eta bizitza politika publikoen erdigunean kokatzeko premia. Ez da berria: sektore zapalduenak zapalduago daude. Eta koronabirusaren pandemian haien gorputza lehen lerroan jarri duten sektoreak oso feminizatuta daude. Emakumeak dira lehen lerroan daudenak: garbitu, zaindu, artatu, sendatu.

Iruñean, goizean goiz atera dira emakumeak kalera eta eguna Iruñeko Atzerritarren Bulegoan hasi da. Bertan protesta egin dute migrazio politikak salatzeko eta Atzerritartasun Legea indargabetzeko eskatu dute. “Beharrezkoa dugu egitura sozial guztiak blaitzen dituen arrazismoarekin amaitzea, zuritasunaren pribilegioekin amaitzea, eta pertsona guztiek eskubide berberak dituztela aitortzea”, adierazi dute. Ondoren, Ama Oblatas zahar etxean zaintza ez dela negozioa aldarrikatu dute, eta zaintza sistema publikoa exijitu dute. Zaintza sistema integrala, publikoa eta doakoa, pertsona guztiei zainduak izateko eskubidea bermatuko liekeena. Manifestazioa egin dute Alde Zaharrean eta istiluak izan dira Nafarroako Legebiltzarraren aitzinean. Bertara kateatu dira hainbat emakume eta manifestari bat atxilotu du Foruzaingoak. Dagoeneko aske dago.

Arratsaldean izan dira mobilizazio gehienak eta emakume andana batu da. Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak manifestazioa egin du, “emakume langilearen interesen alde”. 19:00 eta 20:00 bitartean, aldarriz bete dira Iruñerriko herri eta auzoak. “Ikusezina ikusgai egin da pandemian eta bizitza ikusezintasunetik sostengatzen da”. Hala mintzatu da Iruñerriko Mugimendu Feminista. Berriro, zaintza lehen lerrora atera da, eta garai honetan inoiz baino beharrezkoagoa dela erakutsi den arren, haien eskubideak exijitu dituzte. “Bizi dugun osasun krisiak sistemaren trapu zaharrak ekarri ditu argitara. Osasuna edo ekonomia, bizitza edo kapitalismoa. Horren aurrean, guk argi dugu: bizitzaren alde egiten dugu borroka, bizitzea merezi duen bizitza baten alde”. Kolektiboki zainduko duen komunitate baten alde egin du mugimendu feministak eta gogoan izan ditu itxialdian herriz herri eta auzoz auzo eratu ziren elkartasun sareak.

Mugimendu feministak sistema bera jarri du jo puntuan, eta irtenbideak eskatu. Krisitik ateratzeko irtenbide feminista jarri du oinarrian, bizitzen eta zaintzen aldarria gogoan: antolatu, sareak sortu, elkar ezagutu eta eztabaidatu. Birusa ez da gai izan emakumeen borroka gelditzeko; are gehiago, “inoiz baino arrazoi gehiago” eman ditu borrokarako. Eta pandemiaren aurrean elkarrekin jarraitzeko beharra aipatu dute: emakumeak batzen, lotura eta sareak ehuntzen jarraituko dute, dena aldatu nahi dutelako: “Dena aldatzera gatoz, gizartearen egitura aldatu behar dugu, sistema honek ez duelako funtzionatzen. Dena nahi dugu eta ez gaituzte geldituko”, ozen eta argi aritu dira. Feminismoak argi duelako egungo krisia ez dela pandemiarekin hasi, eta ez da isilik egongo ezta geldirik ere. Birusak are gehiago zabaldu ditu aurrez ziren arrakalak: “Pitzadura sakondu da”. Horregatik, inoiz baino beharrezkoagoa da kalera ateratzea, arrakala geldiezina delako.