argia.eus
INPRIMATU
Gasteiz infernu bilakatuko dute hiriko Gune Autogestionatuek otsailaren 22an
  • Gasteizko proiektu autogestionatuek egitarau bateratua osatuko dute inauterietarako: deabruz mozorrotu eta "kapitalaren hiria" infernu bilakatuko dute otsailaren 22an.

Hala Bedi @halabedi 2020ko otsailaren 06a
2016an “okalauasa” Gasteizko Gune Autogestionatuen inauterietan errekaleorren egindako bazkaria / HalaBedi

Inauterien atarian, bat egin dute Gasteizko proiektu autogestionatuek. Gasteizko Gaztetxea, Talka, Errekaleor, Sumendi espazioa eta Auzolana Pilotalekua elkarrekin mozorratuko dira otsailaren 22an, “negu gorrian, autogestioaren deabru” direla aldarrikatzeko.

Deabruz mozorrotuko dira, hain zuzen, bost guneetako kideak eta beraiekin batera ekimenean parte hartu nahi duen orok.

Gasteizen ” jaun eta jabe” den kapitalari aurre egin nahi diote dinamika berri honekin, “Negu gorrian izoztera kondenatuta” dauden kale, auzo eta milaka herritar “berotzeko”. “Berotasunaren monopolioarekin hausteko prest, beste behin ere kaleak astintzeko hautua egin, eta negu gorria gure egiteko batuko gara Gasteizko Gune Autogestionatuak” azaldu dute zabaldu duten oharrean.

Ez da Gasteizko Gune Autogestionatuak inauterien testuinguruan elkartzen diren lehenengo aldia, 2016ean “Okalauasa” dinamika jarri zuten martxan. Tribu indigenak hartu zituzten orduan gaitzat.