argia.eus
INPRIMATU
Gasteizko euskalgintzak egun osoko egitaraua antolatuko du urriaren 19an
  • “Gasteiz euskararen hiria” ekimena ospatuko dute urtarrilaren 19an Arabako hiriburuan. Euskaraz egingo diren ekintza ezberdinek osatuko dute hamabi orduko egitaraua. "Euskara protagonista izatea" da ekimenaren helburua.

Leire Ibar 2024ko urriaren 14a
"Plazak eta hitzak, kolore anitzak" lelopean sortu dute. GEU elkartea

Urtarrilaren 19an egun osoko egitarauan parte hartzeko aukera izango da Andre Maria Zuriaren plazan, “euskaraz gozatzeko unea eta arnasgunea eskaintzea” helburu hartuta antolatu dute programazioa. Erdigunean egotea nahi dute, "bai praktikoki zein metaforikoki". Geu Elkartea, Arabako Alea, AEK, Hegoalde eta Bai euskarari antolakundeek antolatuko dute elkarlanean. EH Bildu eta Udal Gobernuaren arteko aurrekontu akordioan adostu dute proposamena. Gasteiz "Euskararen hiria bihurtu nahi dugu", adierazi du Maider Uriarte EH Bilduko zinegotziak.

Euskara “eremu akademikotik haratago, kalera ateratzea” da xedeetako bat, adierazi dutenez. Hori horrela, ekitaldia aurkezteko agerraldian azaldu zuten “badagoela zer ospatua” euskarari dagokionez. Euskararen erabilerari dagokionez "urrats handiak" eman direla adierazi du Maria Nanclares Euskara zinegotziak. Azken hamar urteetan euskara menderatzen duten gasteiztarren portzentaia nabarmen igo baita. Gaur egun, herritarren %30ek menperatzen du hizkuntza, duela hamar urte baino ia %7,5 gehiago.

Publiko anitza erakarri nahi dutela adierazi dute antolatzaileek. Gasteizko euskalgintzaren erakusleioa izan nahi dutela adierazi dio Aleari Nerfer Olaizola Geu Elkarteko kideak. Adin guztietako herritarrentzako kultura, aisialdi eta kirol ikuskizunak izango dira. Goizean, familientzako eta gaztetxoentzako ekintza eta tailerrak izango dira, Tor eta Txoborro magoak, herri kirolak eta Zunba herrikoia. Eguerdi tartean, bertso saioa izango da Arabako Bertsozale Elkartearen eskutik, eta arratsaldean Patata minak antzerkia, jolas lehiatua eta Belarriprest bakarrizketa. Egunari amaiera emateko, Pasadena eta Annekdotas taldeen kontzertuak antolatu dituzte. Bertan jateko aukera ere izango da, Arabako elikagaien Food Truckak izango baitira.


Hemen egitaraua: