argia.eus
INPRIMATU
Gasteiz Antzokiak ateak ireki ahalko ditu azkenean, udalarekin akordioa lortuta
  • Gasteiz Antzokia kudeatzen duen Lazarraga kultur elkarteak eta Gasteizko Udalak hurrengo egunetan sinatuko duten hitzarmenari esker, antzokiak ateak zabaldu ahal izango ditu laster. Kultur elkarteari udalak egotzitako zor ekonomikoa bost urtetan ordaintzea adostu dute, besteak beste.

ARGIA @argia 2024ko ekainaren 11
Maider Etxebarria Gasteizko alkatea eta Lukas Etxeberria Lazarraga elkarteko lehendakaria. Argazkia: Gasteizko udala

Itxita dagoen Gasteiz Antzokiari jarduera faltagatik egotzitako 112.817 euroko zorra bost urteko epean ordainduko du Lazarraga kultur elkarteak, hilean 2.000 bat euro. Horrez gain, hainbat egokitzapen egingo dituzte hitzarmenean, plan operatiboa “urteko jardunera egokitzeko”.

Udalarekin adosturikoa aho batez onartu dute Lazarragako bazkideek, batzar orokorrean, eta beraz, datozen egunetan sinatuko dute hitzarmena. “Lor zitekeen akordiorik onena” dela uste dute bazkideek.

Egitaraua, pixkanaka

Hala, martxan jarriko da Gasteiz Antzokia eta egitaraua pixkanaka osatzen joango dira, xume hasieran, eta osatuago irailetik aurrera. Ostalaritza zerbitzuko lehiaketa ere aurkeztuko dute, webgunea aktibatuko dute, sormen deialdiak abiatuko dituzte… Itxaropentsu agertu da Lukas Etxeberria Lazarraga kultur elkarteko lehendakaria. Gasteizko Udaleko alkate Maider Etxeberria ere kontent da: “Gasteizen bultzada handia emango diogu euskarazko kulturaren garapenari”.

Bide malkartsua

ARGIAn kontatu genuen, Gasteiz antzokia: arnasgunea arnasestuka erreportajean, bide nekeza, gazi-gozoa eta gorabeheratsua izan du antzokiak. Politikariek agindu zioten Lazarraga elkarteari 2022an irekiko zituela ateak antzokiak. Ondoren, bidea traba administratiboz josi zen. “Teknikarien esku” utzi zituzten ardurak, eta han agertu ziren lizitazioak, lizentziak, era guztietako araudiak… Epeak luzatzen hasi ziren, eta ezin ireki 2022ko urrian, ezin Gabonetan, ezin 2023ko udaberrian, ezta irailean ere… Eta, bat-batean, udalaren gutuna heldu zitzaion Lazarraga elkarteari 2024ko Aste Santu aurretik: “113.000 euro zor duzue”.

Oztopoak oztopo, badirudi argia ikusiko duela proiektuak azkenean. “Gasteiz eta Araba asko aldatu dira, kanpoko analista batzuk orain ohartu badira ere, eta Gasteiz berri honi egokitzeko Gasteiz antzokia ezinbestekoa da, ez bakarrik euskaldunentzako arnasgune izateko, euskaldunak ez direnak erakartzeko ere bai”, dio Aiala Zaldibar Gasteizko Antzokiaren Aldeko Plataformako kideak, aipatu erreportajean.