argia.eus
INPRIMATU
Gasteiz Antzokia babesteko plataforma sortu dute
  • Gasteiz Antzokia "lehenbailehen" martxan jartzeko eskatu dio udalari Gasteiz Antzokiaren Aldeko Plataformak, eta Lazarraga elkartearentzat zein euskalgintzarentzat "errespetua" galdegin dute.

Hala Bedi @halabedi 2024ko maiatzaren 09a

Gasteiz Antzokiaren aldeko plataforma aurkeztu dute gaur dozenaka herritarrek Ruiz de Bergara jauregiaren atarian. Horretarako, duela hamar urte baino gehiago egitasmoaren alde eratutako plataforma berreskuratu dute euskaltzaleek.

Modu berean, udalak Lazarraga elkarteari emandako trataera «onartezintzat» jo dute, eta gaiaren bueltan Gasteizko Udalak izan duen «utzikeria eta borondate falta» salatu dute. Udalak «bete ez dituen konpromisoen ardura» eta horren ondorio ekonomikoak «elkartearen bizkar gainean utzi nahi izatea» batere bidezkoa ez dela aldarrikatu dute.

Egoera «kafkiarra» dela erantsi dute. «Azpiegitura egina dago. Udal talde guztiak ados daude. Beharra hor dago. Hala ere, egoerak bere horretan jarraitzen du: eraikina itxita eta euskaraz burutzeko ziren hainbat ikuskizun amets galduen tiraderan sartuta».

Gauzak hala, «behar diren ekintza eta mobilizazio guztiak» burutzeko prest daudela iragarri dute. Momentuz, aurreratu dute talde politiko guztiekin elkarrizketak lotuko dituztela, udal bilkuran mozio bat aurkeztuko dutela, eta sarean dagoen sinadura bilketa berriro aktibatuko dutela.

Alearen bideoa: