Gasolio litroko 20 zentimoko beherapena eta orotara 1.050 euroko laguntzak iragarri dituzte. Espainiako Gobernuak adostu ditu neurriak garraiolarien patronal nagusiarekin, baina ez greba deitu dutenen ordezkariekin. Ostiralean hamabigarren eguna bete da garraiolarien greba hasi zenetik. Neurriak ekainaren 30a arte egongo dira indarrean, adostu dutenaren arabera.
Goizeko 02:30tan eta hamabi orduko bileraren ostean iragarri ditu Espainiako Gobernuak Errepideko Garraioaren Batzorde Nazionalarekin adostutako neurriak. Orotara 1.050 milioi euroko diru-laguntzak adostu dituzte. 600 milioi gasolioaren prezioa jaistera bideratuko dituzte. Gobernuak litroko 15 zentimoko beherapenaren kostua hartuko du bere gain, eta petrolio-industriak beste 5. Gainontzeko 450 milioiak laguntza zuzenetan banatuko dira, merkantzien zein bidaiarien garraiolarien artean: kamioi bakoitzeko 1.250 euro; autobuseko 950; furgonetako 500 eta ibilgailu arinek 300. Asteartean Espainiako Gobernuaren Ministroen Kontseiluko bilera egingo dute, bertan onartuko litzateke neurri horiek jasotzen dituen lege dekretua, eta orduan sartuko lirateke indarrean.
Greba, momentuz indarrean
“Gobernuak bere lana egin du eta garraioaren sektoreak arduratsua izan behar du (...) Ez dago arrazoirik edo aitzakiarik jarduerara ez bueltatzeko”, adierazi du neurriak iragarri berritan Espainiako Garraio Ministro Raquel Sánchezek. Errepideko Garraioaren Batzorde Nazionalaren presidente Carmelo Gonzálezek ere adierazi du akordioarekin ez dagoela grebarako arrazoirik jada, eta azpimarratu du neurriak “aho batez” onartu direla.
Baina mahaian ez dira egon grebara deitu duten elkarteak. Hego Euskal Herrian, mobilizazioetan presentzia handia izan duen Hiru sindikatuak ostegunean aurreratu zuen bilera horrek ez zuela grebaren inguruko erabakirik hartuko. Bere aldarrikapenak neurri horietatik harago doaz, bestalde. Nagusiena, tarifen berrikuspen automatikoa. Espainia mailan, Garraioaren Defentsarako Plataforma Nazionalak esan du hartu daitezkeen neurrietatik harago “erabat” baztertzen zuela greba bertan behera uztea gobernua mahai baten bueltan berarekin bildu ezean. Grebak hamabigarren eguna bete du ostiralean, eta hain zuzen ere greban dauden garraiolariak manifestazioa egingo dute Madrilen, Garraio Ministerioaren aurrean.