argia.eus
INPRIMATU
“Gasolinazoaren” ondoren errepresioa Mexikon: dozena erdi hildako eta 1.500 atxilotu
  • Urte berriarekin batera Mexikon protesta eta mobilizazioak zabaldu egin dira “gasolinazo” izenez ezagun egin den prezio igoerari aurka egiteko. Gobernuak gasolinaren eta beste hainbat produkturen prezioa %20 garestitzearen ondorioz egindako protestetan poliziak sei pertsona hil ditu eta 1.500 inguru izan dira atxilotuak.

Iosu Alberdi Atxurra @atxurraa 2017ko urtarrilaren 10
Mexiko Hirian eginiko manifestazioa. (Arg.: sinembargo.mx)

Gizarte eragile ugarik protestetarako deia egin dute eta Enrique Peña Nieto presidenteari erabakia bertan behera uzteko eskatu diote. Estatu guztietan eta Mexiko Hirian egin dira martxak, errepide mozketak eta bestelako ekintzak. Manifestariek azaldu dute, autoen erabiltzaileei ez ezik, “gasolinazoak” garraio publikoa erabiltzen dutenei edota oinarrizko produktuei eragiten diela.

Laborarien kolektiboek  ere parte hartu dute protestetan eta neurriek gizarte osoari eragiten dietela azaldu dute. Chihuahuako estatuan, esate baterako, Garapen Sozialerako Idazkaritza (Sedesol), Uraren Batzorde Nagusia (Conagua) eta Nekazaritza, Abeltzaintza, Landa Garapen, Arrantza eta Elikadurarako Idazkaritza (Sagarpa) hartu zituzten urtarrilaren 9an. Bertan lanean ari ziren hainbat langile kanporatu zituzten.

Manifestarien artean igoeraren oinarria ustelkeria dela zabaldu da eta Peña Nietoren administrazioaren erantzukizun falta kritikatu dute.

Erabakia berretsita

Bere aldetik, Peña Nieto presidenteak erabakia berretsi du, beste aukerak ziren “programa sozialak murriztea edo gasolinaren prezioa artifizialki mantentzea”. Presidenteak adierazi du kanpo faktoreek baldintzatu dutela igoera. Petrolioaren prezioaren igoera, dolarraren balio-irabaztea eta Mexikok inportatutako gasolinarekin duen dependentzia (%54)aurkeztu ditu arrazoi nagusi gisa.