Espainiako Estatuko gasolinaren batez besteko prezioa litroko 1,592 eurora iritsi da asteartean, eta dieselarena, berriz, 1,476 eurora. Erregaien astez asteko igoerak bat datoz bizitzaren kostuaren igoera orokorrarekin.
Gasolindegira joatea inoizko oinazerik handiena da langileen poltsikoentzako Espainiako Estatuan. Gaur, otsailaren 15ean, litroko 1,592 euroko batez besteko prezioa du gasolinak, atzoko 1,558€/l-ko langa gainditu ostean. Azken bi egunotako zifrek aldez aurreko maximo historiko guztiak gainditu dituzte, eta ez dirudi goranzko joerak berehalakoan amaierarik izan dezakeenik.
Diesela antzeko posizioan dago. Otsailaren 14an litroko 1,444 euroko marka erregistratu ondoren, errekor historikora gerturatzen ari zen erregai "merkea". Gaur, 1,476€/l-ko zenbatekoarekin, gainditu egin du. Orohar, diesela %25,7 garestitu da urtebetean, eta gasolina, aldiz, %23,1.
Gidari ugarik autoa garraio publikoarekin edota oinez joatearekin ordezkatu dute jada, eta beste askok gainontzeko gastuak murriztu behar izan dituzte ibilgailu pribatua erabiltzen jarraitu ahal izateko. Gorakadak bereziki kaltetzen ditu garraiolari, nekazari zein abeltzain txikiak. Dena den, merkantzien zein bidaiarien garraio masiboan aritzen diren enpresa handietan ere eraginak sumatuko dira, hegaldietan esate baterako.
Elektrizitatearen, oliba-olioaren, haragiaren eta frutaren prezioak ere igotzen ari dira. Merkantzia horien prezioen zein beste batzuen eskutik, inflazioa orokortuz doa. Kontsumoko Prezioen Indiziea (KPI) %6,1ekoa zen urtarril amaieran, Espainiako Estatistikako Institutu Nazionalak astearte honetan argitaratutako behin betiko datuen arabera.
Prezioek hamar hilabete daramatzate Europako Banku Zentralak helburu gisa ezarritako %2ko atalasearen gainetik, azken hiru hamarkadetako mailarik altuenekin. Ehuneko hori abenduko %6,5aren azpitik dagoen arren, ekonomialariek ez dakite noiz eten daitekeen bizitzaren kostuaren gorakada. Energiaren eta elikagai freskoen prezio iheskorrak alde batera uzten dituen azpiko inflazioa %2,4ra arte igo da; 2012ko urritik izan duen tasarik altuenera, hain zuzen ere. Horrek "beste produktu batzuekiko kutsatze-efektua" adierazten duela diote adituek.
Hornidura-kateetan kaosa da nagusi. Portuetako itxaronaldi luzeek, itsasoko garraioaren igoerak eta Txinako lantegi ugariren geldialdiak merkataritza globalaren ohiko fluxua oztopatzen jarraitzen dute, kostu gehigarriak sortuz.