argia.eus
INPRIMATU
Gasen efektuak murrizteko, batzordea eratzea eskatu diote Nafarroako Legebiltzarrari
  • Nafarroako Gobernuak gasen efektuak %80 murrizteko konpromisoa hartu du munduko beste 100 eskualderekin batera. Horren harira, gaia aztertu eta erabakiak hartzeko batzorde bat eratzea eskatu dio Sustrai Erakuntza Fundazioak Nafarroako Gobernuari. Helburua 2050.urtera bitartean lortu beharko litzateke.

Iker OƱate Aiastui @iker_onate 2016ko otsailaren 16a
Garraiobidea eta industria dira lurraldean energia kontsumo handiena eragiten dutenak.

Nafarroako azken balantze energetikoaren (2013) arabera, garraiobidea eta industria dira lurraldean energia kontsumo handiena eragiten dutenak. “Horiek sorturiko gasak dira berotegi-efektua delakoaren eragile nagusiak”, Fundazioko kide Pablo Lorentek Ser kateari azaldu dionez.

Akordio horrekin, Nafarroako Gobernuak bat egin du aldaketa klimatikoari aurre egin nahian Parisko Nazioarteko Gailurrean sinaturikoarekin. Berotegi-efektua murriztera bidean, bio-hondakinen %75 birziklatzea, baso azalera finkatzea, energia berriztagarriaren aldeko apustua egitea eta mugikortasun sostengarria bilatzea lirateke neurri nagusiak.

Hedabideetan azaldu denez, Gobernua prest legoke trenbide garraioari buruzko azterlana egiteko; garraioaren eskari eta ahalmena, nazioarteko zabalerako trenen zirkulazioaren aukerak eta Iruñeko egungo geltokiaren etorkizuna leudeke aztergai, besteak beste. Sustrai erakuntzak uste du  “trenbidea garraio publiko eta sozialerako oinarri” nagusi dela. Hala ere, ez ditu begi onez ikusten egun martxan dauden trenbide proiektuak: “Egungo trenbide proiektuek ez dute behar bezalako planifikaziorik, diru asko xahutzen da”. Horren aurrean, “garraiobideen sektorea aztertuko duen batzordea” osatzea eskatzen dio Legebiltzarrari.

Garraioaren garrantzia

Nafarroan garrantzia handia du garraiobideen sektoreak, muga-lurraldea den aldetik; baina Lorenteren aburuz “ez da eredu” mugikortasunaren eta garraiobideen gaietan: “Inoiz ez du pertsona zein salgaien garraiorako eredua planifikatu. Horren eraginez azpiegitura asko eraiki nahi izan dira, gastu publikoa handia izan dutenak”.

Horren guztiaren aurrean, “bestelako merkataritza-harreman bat” eratzea iradokitzen du Sustrai Erakuntzak: “Pertsonen beharren araberako planteamendua sortu behar genuke, eta ez kapitalaren araberakoa”. Gasen efektuak murrizteko akordioa erdiesteko, garraiobideen sektorea murriztu behar dela iritzi du Lorentek.

Nafarroako garraioaren etorkizunari begira, oraindik zintzilik da AHT proiektua. Urtarrilean, Nafarroako AHT egitasmoaren egoeraren inguruko txostena kaleratu zuen Sustrai Erakuntzak.