argia.eus
INPRIMATU
Gasaren “lobby”ak eurodiputatuak presionatu ditu gas galdaren laguntza publikoen harira
  • Erregistratu gabeko bileretan zenbait diputatu presionatzen saiatu dira, industriaren interesak defenda zitzaten Europako Parlamentuan. Industriaren intereseko neurri batzuk onartu dituzte aste honetan. Esaterako, 2024tik aurrera ez dituzte gas natural hutsezko galdarak finantzatuko, baina bai galdara "hibridoak".

Irati Irazusta Jauregi 2023ko martxoaren 16a

Gasaren inguruko lobbya Europako diputatuak presionatzen aritu da, galdarek diru-laguntzak jasotzen jarrai zezaten, Públicok jaso duenez. Orain arte galdarek diru-laguntza publikoak jasotzen zituzten Europan, baina trantsizio energetikoagatik, gas naturalaren erabilera murrizteko eztabaida izan dute Europako Parlamentuan. Bitarte horretan, gas industriako lobbya Europako zenbait diputaturekin harremanetan izan da, bilera horiek erregistratu ez badituzte ere.

Liquid Gas Europe Europako elkartea da galdaren banatzaileak, ekoizleak eta Petrolio Gas Likidotuaren (PGL) taldeak biltzen dituena. 2020ko apiriletik ez du eurodiputatuekin izandako bilaerarik erregistratu, baina Better Without Boilers (BWB) galdaren aurkako taldeak jakinarazi duenez, “maila baxuko” bileretan elkartu dira Europako ordezkariekin, deklaratu gabe.

Rural Futures plataformaren bidez presionatu ditu diputatuak gasaren lobbyak. Plataforma hori Liquid Gas Europen barruan dagoen proiektua da, baina bere jarduna ez dute erregistratzen Bruselako talde-presioek, ezta funtzionario europarrekin dituzten bilerak ere. Europako Parlamentuko iturriek azaldu dutenez, politikari eta enpresarien arteko erregistratu gabeko kontaktuak legezkoak dira, baina onartu dute talde-presioen gaineko kontrol handiagoa behar dela.

Hirietako eta landaguneetako trantsizio energetikoa bereizten saiatu dira lobby horiek. Beren iritziz, laguntza publikoen pekoa izaten jarraitu behar luke, zonalde horietan galdarak kentzeak ekonomikoki gastu handia eragingo lukeelako.

BWB-k filtratu duten informazioaren arabera, gasaren industriak ekitaldiak eta hitzaldiak ere antolatu ditu, eta haietara Europako zenbait politikari gonbidatu izan dituzte. Horien artean daude Sean Kelly Europako Alderdi Popularreko Irlandako eurodiputatua, Eraginkortasun Energetikoaren Zuzentarauaren buruzko negoziazioetan txostena egin zuena, eta Franc Bogovi, Alderdi Kristau-demokratako eurodiputatu esloveniarra. Biek hartu dute parte gasaren industria europarrak antolatutako bileretan, eta, ondoren, industriak negoziazioetan izan dituen jarrera nagusiak defendatu dituzte.

Industriaren eskakizun batzuk, onartuak

Asteartean Europako Parlamentuan onartu den zuzentarauan, zuzendaritzak gasaren industriaren eskakizun batzuk onartu ditu. 2024tik aurrera gas naturaleko galdarek ez dute diru-laguntza publikorik jasoko, baina bai galdara “hibridoek”. Galdara mota horiek gasa eta erregai alternatiboak nahasten dituzte, esate baterako, hidrogenoa, biogasa edo iturri berriztagarriekin ekoitzitako energia. Talde ekologista eta kontsumitzaileen aldeko elkarteak neurri horren aurka agertu dira.

Públicok azaldu duenez, negoziazioen berri izan duten iturriek adierazi dute negoziazioak "konplikatuak" izan direla eta iritzi asko egon direla "ia alderdi politiko guztietan". Hala ere, esan dute lortu dela gas industriaren eskakizun batzuk bertan behera uztea. Esate baterako, arauak ez aplikatzea familia bakarreko etxeei. "Horrek trantsizio energetikoko betebeharretatik kanpo utziko lituzke landaguneko auzo eta herri osoak".