argia.eus
INPRIMATU
Gas eta petrolio ustiaketarako 100 lizentzia eman ditu Erresuma Batuak
  • Segurtasun energetikoa hobetzeko “diktadore kanpotarren” menpe ez egotea dela "onena" azaldu du lehen ministroak. Oposizioko alderdiek eta talde ekologistek erabakia arbuiatu dute.

Aitor Gurrutxaga Muñagorri 2023ko abuztuaren 03a

Rishi Sunak Erresuma Batuko lehen ministroak gas eta petrolio ustiategientzako baimenak iragarri ditu: ehun baimen inguru. Bere esanetan, beste herrialde batzuekiko energia menpekotasuna gutxitzea da helburua. Horretarako lizentziak udazkenetik aurrera ematen hasiko dela azaldu du Euronewsek.

Karbonoa harrapatzeko bi azpiegitura handi ere iragarri dituzte, guztira 23.000 milioi euroko aurrekontuarekin. Bata, St. Fergusen (Eskozian) egongo da, eta isuri kutsatzaileak itsaso azpian biltegiratuko dituzte. Bestea, aurrekoaren antzerakoa izango da, baina Humberren (Ingalaterran) kokatua.

Talde ekologistak kexu

Oposizioko alderdiek eta talde ekologista batzuek arbuiatu egin dute gobernuaren proposamena. Greenpeaceren esanetan, klima larrialdiari aurre egiteko akordioen eta konpromisoen “aurkako neurria” da.