argia.eus
INPRIMATU
Gas emisioak zerora murrizteko eskatu diete NBEko adituek agintariei
  • Nazio Batuen Erakundeko (NBE) klima aldaketari buruzko IPCC aditu taldeko zientzialariek aurrenekoz eskatu dute berotegi-efektuko gas emisioak zerora murrizteko. Prozesua arintzeko energia berriztagarrien aldeko apustu sendoagoa egin beharko lukete agintariek.

ARGIA @argia 2014ko azaroaren 03a
IPCCko adituek Danimarka bezalako herrialdeen jarduna txalotu eta Espainiako Estatuarena kritikatu dute. (Argazkia: Greenpeace)

Klima aldaketa abiadura bizian ari da okerrera egiten, adituok AR5 txostenean jaso dutenez. Hainbat datu nabarmendu dute, Greenpeace erakunde ekologistak zerrendatutako hauek tartean:

- Poloetako izotza aurreikusi baino askoz ere azkarrago ari da urtzen.

- Ozeanoen azidifikazio prozesua sekula baino azkarrago ari da gertatzen; itsasoetako bizitza mehatxupean dago.

- 2001-2010 hamarkadan "muturreko balio klimatikoak" gertatu ziren, Munduko Meteorologia Erakundearen arabera.

- XIX. mende erditik aurrera, itsasoaren maila aurreko milurtekoetan baino bizkorrago hazi da. 193 eta 2010 artean 3,2 milimetro igo da urtean.

- Klima aldaketak gerra arriskua areagotzen du, goseteak edota migrazio behartuak direla-eta.

Gauzak horrela, adituen iritziz ezinbestekoa da gobernuek apurka-apurka ikatz eta petrolio kontsumoa gutxitzen hastea, gerorako uzteak kostu askoz ere handiagoa izango lukeelako.

Greenpeacek jakinarazi du Danimarka bezalako herrialdeek energia berriztagarrien aldeko apustu irmoa egin duten bitartean, Espainiako Gobernuak onartutako erreforma energetikoak kontrako norabideari heldu diola, eta argi berdea eman diela itsasoetako petrolio zundaketei.

Erakunde ekologistako kide Tatiana Muñoren hitzetan, "energia berriztagarrien alde egitea eta energia zentzuz erabiltzea dira emisioak gutxitzeko modurik azkarrenak. C02a biltzeko teknologiek ez dute zentzurik arazoari errotik heldu eta erregai fosilekiko dependentzia alboratzen ez badugu".