Alfons Perez Lopez Kataluniako Observatori del Deute en la Globalització-ko (Globalizazioaren barruko Zorraren Behatokia) kideak hitzaldi interesgarria eskaini zuen Frackanpadaren asteazken arratsaldeko saioan. Gaia, munduko gas-azpiegituren garapena.
Gas-azpiegiturak frackingaren aurkako borrokan oso kontuan hartu beharko litzatekeen faktorea direla esan duzu.
Paralelismoa eginez, esan genezake autoen aurka borroka egitea dela, autobideen aurka egin gabe. Gas-azpiegiturak baitira gasa dabilen autobideak. Esplorazioaren eta ustiaketaren aurkako borrokak, eta erregai fosilen handik honako garraioaren aurkakoak lotuta egotea garrantzitsua dela uste dut.
Eta badago loturarik?
Ez hainbestekoa, badirudi nolabaiteko espezializazioa dagoela borroketan. Frackingak tokian tokiko borroka asko sorrarazi ditu, baina gasifikatze edo gasbide proiektuen aurka jotzea harago joatea da. Esaterako, gasbideek ez dute frackingak adinako inpaktua paisaian edota lurraldearen okupazioan. Oharkabean-edo gauzatzen dira proiektuok.
Gasbideak, gasifikatzea… Zein da panorama gaur egun?
Uneon halakoen oldarraldi azkarra gertatzen ari da. AEBetan, esaterako, gasa likidotzeko planta bakarra dago gaur egun (horrek ahalbidetzen du gasa, gero, ontzietan garraiatu ahal izatea), baina beste lau eraikitzen ari dira, eta beste asko egiteko baimenak eskatuta daude. Mundu osoan 25 likidotze-gune baino ez dago, beraz lau berri horiek portzentaje handia dira.
Horrek zerikusia du frackingak AEBetan eragin duen ustezko gasaren boomarekin?
Bai, “iraultza” hori berez burbuila den arren, ideia da esportatu egin behar dela, eta beraz likidotze plantak eraiki behar direla. Nolanahi den ere, uste dut AEB gehiago ari dela Asiako eta bereziki Japoniako merkatuetara begira, han gasa garestiago sal baitezake. Gaineratu beharko nuke likidotzea oso azpiegitura garestia dela, 20.000 milioi dolar planta bat eraikitzeko. Burbuila benetan bada uste bezain handia, azkenean AEBek ez badute esportatzeko gas hori guztia, sekulako zartakoa hartuko dute.
Zein da egoera Europan?
Europan ez dago likidotze plantarik, gu hartzaileak garelako ideia horregatik. Hemen dagoen azpiegitura birgasifikatzeko da, alegia, prozesuaren beste zatia. Kalkulatu da Espainiako Estatuan dagoela Europar Batasun osoko birgasifikatze ahalmenaren %37. Gasbidetik datorren Afrika iparreko gasaren sarbidea ere bada. Estatuan orain dagoen proiektu nagusia midcat gasbidea da, EBk interes komuneko egitasmo izendatutakoa. Horrek esan nahi du diru publikoz lagundua dela, eta gainera prozedura administratiboak arintzeko erraztasunak ematen zaizkiola, ingurumen baimenak lortzea barne. Europan, berriz, gasbide proiekturik handiena Southern Gas Corridor delakoa da, Azerbaijanetik Italiara joango dena, eta Errusiako gasarekiko mendekotasuna arintzeko xedea duena.
Azerbaijaneko erregimena kritikatu duzu, hain zuzen…
Bai. 1991tik familia bera dago gobernuan, eta erregimen autoritarioa da oso, ehun preso politiko dituena, horietako batzuk gure kideak. EBk orain zuritu egiten du hori, gasbide proiektua sustatu behar duelako. Proiektua, bestalde, kritikagarria da eragingo duen ingurumen inpaktuarengatik eta diru publikoz finantzatua izateagatik. Europako Inbertsio bankuaren bitartez finantzatuko da, Castor proiektuaren antzeko baldintzetan, alegia, arriskua bankuak hartzen du bere gain.
Inbertsio horiek egiten diren bitartean, frackingari oztopoak jartzen zaizkio EAEn, Lancashiren (Ingalaterra), New Yorken…
Azpiegitura horiek eraikitzea gas ustiaketaren mehatxuaren adierazpide fisikoa dira, eta legedia, berriz, aldatu egin daiteke, gobernu aldaketa baten ondorioz, TTIP bezalako hitzarmen baten bitartez… Azpiegituren alde benetako indarra egiten badute, eskualdeetako legediarenak egin dezake. Gero, ikusi beharko da tokian tokiko borrokak zer indar hartzen duen.