argia.eus
INPRIMATU
Garun-paralisidun Usurbilgo ikasleari behar duen laguntza jartzeko eskatuko dio herriko alkateak Hezkuntza sailburuari
  • %87ko desgaitasun motorrarekin, Lanbide Heziketa ikasten ari den Usurbilgo gazte batek laguntzailea behar du ikastordu guztietan, baina ukatu egin dio Hezkuntza Sailak, eta hautsak harrotu ditu kasuak: Eusko Legebiltzarrera eraman du gaia EH Bilduk, Steilas sindikatuak egoera salatu du eta Usurbilgo alkatea neurriak aztertzen ari da, hala nola gutuna idatziko dio Jokin Bildarratz sailburuari: “Tristea da familiak eskean ibili behar izatea, eskubide bat lortzeko”.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2023ko ekainaren 20a
Zer egingo du Hezkuntza Sailak aipaturiko ikaslearen “hezkuntza eskubidea duintasunez bermatzeko”? Sailburuaren erantzunak egun batzuetan heldu beharko luke.

ARGIAk azaleratu zuenez, Usurbilgo gazteak ikastordu guztietan laguntzailea izan du orain arteko ibilbide akademikoan, baina Lanbide Heziketara igaro denean, jardunaldi erdian baino ez diote jarri laguntzailea. Laguntzailerik gabe dagoen orduetan ezinezkoa zaio aurrera egitea, eta ikastetxeak berak lanaldi osoko laguntzailea eskatu du, hainbat profesional eta txostenetan oinarrituta, baina ukatu egin dio Hezkuntza Sailak. Egoera honengatik ikaslea terapia psikologikoan dago.

Gaiari buruzko galderak luzatu dizkio Jokin Bildarratzi Ikoitz Arrese EH Bilduko legebiltzarkideak: ba al du Hezkuntza sailak egoera honen berri? Zergatik ukatu zaio lanaldi osoko laguntzailea? Zer egingo du Hezkuntza Sailak aipaturiko ikaslearen “hezkuntza eskubidea duintasunez bermatzeko”?... Sailburuaren erantzunak egun batzuetan heldu beharko luke.

Garbi mintzatu zaio ARGIAri Ikoitz Arrese: “Ezin dira ariketa matematiko bidez ikasle hauei dagozkien errekurtsoak kalkulatu; kasu honetan ikasleak hezkuntza eskubidea duintasunez gauzatzeko laguntzailea uneoro behar du eta hori Hezkuntza Sailak bermatu behar dio, ez dago erdibideko posiblerik”.

"Ezin dira ariketa matematiko bidez ikasle hauei dagozkien errekurtsoak kalkulatu; kasu honetan ikasleak laguntzailea uneoro behar du eta ez dago erdibideko posiblerik"

“Hezkuntza inklusiboa izatetik oso urrun gaude”

Bestalde, Agurtzane Solabarrieta Usurbilgo alkateak jakinarazi digunez, gutuna bidaliko die Hezkuntza sailburuari eta Lanbide Heziketako zuzendariari, “funtsean egoera salatuz eta neurriak eskatuz, egoera berbideratu dezaten datorren ikasturterako eta bermatu dezaten ikasleak duen hezkuntza eskubidea, horretarako egun osoko laguntzailea jarriz”. Kasua “oso larria” dela azpimarratu du, eta erakusten duela “hezkuntza inklusiboa izatetik oso urrun” gaudela oraindik.

Hezkuntza teknikariarekin eta gizarte zerbitzuekin ere biltzekoa da alkatea, presioaz gain (eta presio horrekin Jaurlaritzak erantzuten ez badu) udaletik zer gehiago egin ahalko litzatekeen aztertzeko.

Ikasle honen familiaren borroka goraipatu du Solabarrietak, “baina zenbatek etsi eta amore emango zuen bidean? Zer hausnartua eman beharko liguke, borroka eta zarata egiten duenak beharbada lortuko duelako dagokiona, baina gainerakoek zer? Maria ez da bakarrik bere alabaren alde ari borrokan, denengatik ari da, eta tristea da familiak eskean aritu behar izatea, eskubide bat lortzeko”.

Kasu honek behar duen konponbideari garrantzia kendu gabe, salaketa orokortu nahi izan du alkateak, eta egoerak guztioi interpelatzen gaituela gaineratu du: “Gauza asko ditugu egiteko pertsona hauen bizi-baldintzak hobetzeko; udalaren ikuspegitik eraikinen eta herri eta hirien irisgarritasunean pentsatzen ari naiz, adibidez”.

"Zenbat familiak etsiko zuen bidean? Zer hausnartua eman beharko liguke, borroka eta zarata egiten duenak beharbada lortuko duelako dagokiona, baina gainerakoek zer?"

“Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleekiko bazterkeria”

Steilas sindikatuak ere gogor salatu du afera: “Hezkuntza Sailak ahoa inklusioa bezalako hitzez betetzen badu ere, jakin badakigu hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak baliabide nahikorik gabe edota hauek gabe uzten dituela maiz, inklusioa, hezkuntzarako eskubidea eta aukera berdintasuna urratuz”.

Garun-paralisia duen ikaslea behar duen laguntza gabe ari dela-eta, “onartezina da hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleek pairatzen duten bereizkeria. Benetako inklusioa, ikasleen hezkuntza eskubidea eta eskubide berdintasuna bermatu nahi baditugu, ezinbestekoa da baliabideak esleitzeko irizpideak birmoldatzea eta beharrezkoak diren baliabideak esleitzea hezkuntza maila guztietan, lanbide heziketa barne”.

Sindikatuak kritikatu du “hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleekiko bazterkeria, baliabideen kudeaketa ganoragabea eta ikastetxeei zein familiei ematen zaien erantzun eza”.