argia.eus
INPRIMATU
Garun-paralisidun bi ikasleren borroka
  • Premia bereziak izan arren, behar izan duten laguntzarik ez dute jaso artikulu honetako bi protagonistek. Biek garun-paralisia dute eta borrokan eman dute pasa den ikasturtea, euren eskubideen alde borrokan. ARGIAn kontatu ditugu bi kasuak.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2023ko abuztuaren 01a

Noelia Da Costa Reviriego gasteiztarrak garun-paralisia du eta unibertsitatean laguntzaile bat behar du komunera joan, berokia erantzi edota ordenagailua mahaian jartzeko. EHUk, ordea, ukatu egin dio laguntzailea, egiten ari den graduondoko masterra ofiziala ez dela argudiatuta. Aldiz, masterra ofiziala dela dio berau ematen duen fakultateak. Bitartean, Da Costaren amak egunero eta ikasturte osoan lau ordu egin behar izan ditu fakultateko pasilloan, “laguntza eskatuz noiz deituko diodan zain”.

Egoera bidegabea EHUko Gizarte Kontseilura iritsi zen lehenik, Arartekora ondoren, eta Eusko Legebiltzarrean ere azaldu zuen Da Costak, jasaten ari zena. Arartekoak arrazoia eman zion: laguntzailea jarri beharko lioke EHUk. Eta azkenean, Arartekoaren ebazpena onartu du EHUk, hurrengo ikasturteko aurre-matrikula betetzeko epearen aurretik araudia aldatuko dutela adierazi dute. “Niretzat berandu da jada, laguntzailerik gabe amaitu dut ikasturtea, baina atzetik datorren jendearentzat iritsiko bada, pozten naiz”.

Bigarren kasuak Usurbilera garamatza. Garun-paralisia eta %87ko desgaitasun motorrarekin, gazte batek ikastordu guztietan laguntzailea izan du orain arteko ibilbide akademikoan, baina Lanbide Heziketara igaro denean, jardunaldi erdian baino ez diote jarri laguntzailea. Laguntzailerik gabe dagoen orduetan ezinezkoa zaio aurrera egitea, eta ikastetxeak berak lanaldi osoko laguntzailea eskatu du, baina ukatu egin dio Hezkuntza Sailak. Egoera honengatik ikaslea terapia psikologikoan dago. “Utzi dioten alternatiba bakarra ikasketak bertan behera uztea da, bertan behera uztea formatzeko, garatzeko eta enplegua eta etorkizun oparoa izateko aukera”, kontatu zion ARGIAri ikaslearen amak.

Kasu hau ere Arartekora iritsi zen ekaina bukaeran. Azken finean, gutxienez bi errealitate azaleratu dira albiste hauen atzean: batetik, “inklusioa” hitza denen ahotan egon arren bide asko dagoela oraindik egiteko arlo horretan; bestetik, sarri luzea eta oso neketsua den borrokan aurrera egiteko prest daudenek agian lortuko dutela dagozkien baliabideak jasotzea, baina familia askok ez duela gaitasunik edo baliabiderik borroka hori aurrera eramateko. "Zenbat familiak etsiko zuen bidean? Zer hausnartua eman beharko liguke, borroka eta zarata egiten duenak beharbada lortuko duelako dagokiona, baina gainerakoek zer? Tristea da familiak eskean aritu behar izatea, eskubide bat lortzeko", salatu zuen ARGIAn Usurbilgo alkateak.

[Artikulu hau ARGIAren Aktualitatearen Gakoak 2023 100 orrialdeko aldizkari berezian argitaratu da. ARGIA Jendeak paperean edo PDFan jasoko du, bakoitzak hautatu duen gisan. Oraindik ez baduzu pausoa eman, egin zaitez ARGIAkoa eta plazer handiz bidaliko dizugu! Gainerakoek, Azokan eros dezakezue]