argia.eus
INPRIMATU
Garun-paralisia duen Usurbilgo ikasleak lortu du: behar duen laguntza jasoko du azkenean
  • "Borroka luze eta gogor baten ostean", garun-paralisia eta %87ko desgaitasun motorra duen Usurbilgo ikasleak jardunaldi osoko laguntzailea lortu du ikasturte honetarako eta familia guztia "oso pozik" dagoela jakinarazi dio ARGIAri ikaslearen amak. Joan den ikasturtean, laguntzailea jardunaldi erdira jarri zioten (ordura arte jardunaldi osora zuen), eta laguntzailerik gabeko orduetan ezinezkoa zitzaion aurrera egitea.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2023ko irailaren 11
\"Hasieratik ikusi zuen alabak ezin zuela ikaskideen erritmoa jarraitu, atzean geratzen hasi zen, gero eta galduago, frustratuago\".

"Alabari agindu genion ez genuela onartuko berriz sufritu zezan joan den ikasturtean sufritutakoa; ez bazuen laguntzailea ikastordu guztietarako lortzen, akabo. Baina ondo atera da eta ospatu egingo dugu", adierazi digu ikaslearen ama Maria Enríquez-ek. Aitortu du borroka luzea eta gogorra izan dela, "baina lortu dugu".

Lanbide Heziketa hasi eta ordura arteko laguntza erdira jaitsi zioten Usurbilgo ikasleari. "Hasieratik ikusi zuen alabak ezin zuela ikaskideen erritmoa jarraitu, atzean geratzen hasi zen, gero eta galduago, frustratuago… Autoestimuan izugarri eragin dio, zama bat dela pentsatu eta ikasketak utzi nahi izan ditu, harremanei ere eragin die, isolatzeraino", kontatu zigun Enríquezek. Egoera honengatik ikaslea terapia psikologikora joaten hasi zen.

Eskatu zuten laguntzailea jardun osora igarotzea, baina ukatu egin zien Eusko Jaurlaritzak, eta presio egin nahian, lehenengo ARGIAra eta ondoren beste hedabide batzuetara jo zuen familiak. STEILASek egoera salatu zuen, Usurbilgo alkateak Hezkuntza sailburuari eskatu zion ikasleari behar zuen laguntza jartzeko, eta EH Bilduk gaia Eusko Legebiltzarrera eraman zuen, Jokin Bildarratz sailburuak erantzun egin behar izan zituen hainbat galdera.

"Alabari agindu genion ez genuela onartuko berriz sufritu zezan joan den ikasturtean sufritutakoa; ez bazuen laguntzailea ikastordu guztietarako lortzen, akabo. Baina ondo atera da eta ospatu egingo dugu"

Eta azkenean lortu dute, ikasten jarraitu ahal izango du Usurbilgo ikasleak, baina zalantza geratzen da airean: eta borrokatu izan ez balu? Kasuak oihartzunik lortu ez balu? Hala zioen Agurtzane Solabarrieta Usurbilgo alkateak: "Zer hausnartua eman beharko liguke, borroka eta zarata egiten duenak beharbada lortuko duelako dagokiona, baina gainerakoek zer? Zenbatek etsi eta amore emango zuen bidean? Maria ez da bakarrik bere alabaren alde ari borrokan, denengatik ari da, eta tristea da familiak eskean aritu behar izatea, eskubide bat lortzeko".