argia.eus
INPRIMATU
Garun-paralisia duen Noelia Da Costa ikasleak irabazi du: EHUk dio araudia aldatuko duela
  • Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza batzordean izan da Noelia Da Costa EHUko ikaslea, bere kasua kontatzen: garun-paralisia du eta laguntzailea behar du, Arartekoak ere arrazoia eman dio, baina ikasturte osoa egingo du laguntzailerik gabe. Hori bai, EAJko parlamentariak batzordean iragarri du EHUko errektoretzatik esan diotela hurrengo ikasturterako araudia aldatuko dutela, behar dutenek laguntzailea izan dezaten. “Niretzat jada berandu da, ez dut laguntza hori jaso, baina atzetik datorren jendearentzat iritsiko bada, pozten naiz”, adierazi du Da Costak.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2023ko maiatzaren 09a
Noelia Da Costa: \"Gizartearen aurrean polita geratzen den hitza baino ez da inklusioa\". Argazkia: Eusko Legebiltzarra

Graduondokoa amaitzen ari da Noelia Da Costa. Amaren laguntzarik gabe, ezingo zukeen egin, komunera joateko eta oinarrizko ekintza ugaritarako laguntza behar baitu, baina EHUk ukatu egin dio laguntza, egiten ari den graduondoko masterra ofiziala ez dela argudiatuta. Arartekoak arrazoia eman dio Da Costari, baina berdin jarraitzen duela kontatu digu berriki ikasleak. Hori guztia kontatu du Legebiltzarrean.

“Oso nekatuta nago inklusioari buruzko diskurtso tipikoekin, 'inor ez dadila atzean geratu, denontzako aukera berdintasuna behar dugu, gazteak formatzea inportantea da', gero benetan gizartearen aurrean polita geratzen den hitza baino ez delako inklusioa”, salatu du. “Laguntza zerbitzu hau familiak bete behar izatea zilegi da? Non dago desgaitasunen bat dugunon eskubide eta aukera berdintasuna? Gure bizitza borroka etengabea da etapa guztietan, ez al da nahikoa? Duin eta independente bizi nahi dugu”.

Alderdi guztien babesa eta EAJren ezusteko iragarpena

Noelia Da Costak hitz egin ostean, banan-banan mintzatu dira Legebiltzarreko alderdietako ordezkariak. Denek adierazi diote babesa gasteiztarrari. “Egoera hau lehenbailehen zuzentzea eta unibertsitateak neurriak hartzea espero dugu”, esan dute PP-Ciudadanosetik; “gure babes osoa duzu, ez zinatekeen egoera honetaraino iritsi behar”, Elkarrekin Podemosek; “egoera hau konpontzea nahi dugu”, PSEtik; “zurea bezalako kasuek erakusten dute zenbat gabezia dagoen oraindik, konpromisoa hartzen dugu jarraipena egiteko, ea Arartekoaren gomendioa betetzen den ala ez”, EH Bilduk.

EAJ izan da hitza hartzen azken alderdia eta azaldu du hainbat email gurutzatu dituela EHUko errektoretzarekin: “Esan digute laguntzak emateko EHUk jarraitzen duen araudiak diskriminatu egiten dituela ofizialak ez diren ikasketak, eta EHUko errektoretzak berak esan digu hurrengo ikasturteko aurre-matrikula betetzeko epearen aurretik araudia aldatuko dutela, ikasketa ez ofizial horietan arituko direnek ere laguntza jasotzeko oztoporik izan ez dezaten. Beharbada berandu dator, baina berri ona dela uste dugu eta pozez ematen dut honen berri batzorde honetan”.

"Ikasturte oso-oso gogorra izaten ari da, irribarrea ikusten badigute ere oinazea barrutik daramagu; gure ondoren etorriko direnek ez dezatela hau sufritu behar izan"

Araudian aldaketa baldin badator, notizi ona dela erantzun du Da Costak, “baina iristen den arte, ez dut sinetsiko”. Beretzat berandu da jada, laguntzailerik gabe amaituko du ikasturte hau, “baina atzetik datorren jendearentzat iritsiko bada, pozten naiz”, gaineratu du. Gasteiztarrak ama du laguntzaile, eta hark ere hitz egin du Hezkuntza batzordean: desgaitasunen bat duten pertsonen familiak “oso saturatuta” daudela eta “asko sufritzen” dutela nabarmendu nahi izan du Sonia Reviriegok. Amaren hitzekin biziki hunkitu da Noelia Da Costa, eta garbi utzi du batzordearen bukaeran: “Ikasturte oso-oso gogorra izaten ari da, irribarrea ikusten badigute ere oinazea barrutik daramagu; gure ondoren etorriko direnek ez dezatela hau sufritu behar izan”.