argia.eus
INPRIMATU
Garun-paralisia duen ikasleari arrazoia eman dio Arartekoak: laguntzailea jarri beharko lioke EHUk
  • Arartekoak arrazoia eman dio Noelia Da Costa ikasleari: EHUk laguntzailea jarri beharko lioke, gasteiztarrak garun paralisia duelako eta unibertsitatean laguntza behar duelako komunera joan, berokia erantzi edota ordenagailua mahaian jartzeko. Arartekoaren ebazpena martxo hasierakoa den arren, EHUk laguntzailea jarri gabe jarraitzen du, eta bukatzear da ikasturtea. Datorren astean Eusko Legebiltzarrean azalduko du bere kasua Da Costak. “Berdin jarraitzen dugu eta nire ama da laguntzaile funtzioa egiten duena; ez da batere erraza eramaten”.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2023ko maiatzaren 03a
\"Isilik egon naiz bolada batez, nekatuta nengoelako eta behar nuelako deskantsua hartu, baina berriz ere gogorarazi diet nire egoera\".

Ikasturtea bukatzear da eta graduondokoa amaitzen ari da Noelia Da Costa. Amaren laguntzarik gabe, ezingo zukeen egin, komunera joateko eta oinarrizko ekintza ugaritarako laguntza behar baitu, baina EHUk ukatu egin dio laguntza, egiten ari den graduondoko masterra ofiziala ez dela argudiatuta. “Isilik egon naiz bolada batez, nekatuta nengoelako eta behar nuelako deskantsua hartu, baina berriz ere gogorarazi diet nire egoera, tematzen ez bazara badirudielako gaia ahanzturan erortzen dela, eta egoera honetara egokitu garen arren, ez da batere erraza eramaten”.

Diskriminaziorik gabeko hezkuntza jasotzeko eskubidea

Auzi honetan, garbi mintzatu da Arartekoa: 15 orriko erantzunean (2023R-2033-22 ebazpena) nabarmentzen du, besteak beste, “behar bereziak dituzten ikasleek diskriminaziorik gabeko eta aukera berdintasunean oinarritutako hezkuntza jasotzeko eskubidea” dutela “maila guztietan inklusiboa den hezkuntza sistema batean”, eta ebazpenak hala dio: “Behar bereziak dituzten ikasleen arretarako Aukera Berdintasunaren Araudia unibertsitateko ikasketa guztietan aplikatu beharko luke EHUk, horrela bermatuko liekeelako ikasketa horietan aukera berdintasuna desgaitasunak dituzten ikasleei”. Alegia, graduondoa ofiziala izan edo ez, laguntzailea bermatu beharko litzaiokeela Da Costari.

"Dakidanez, dezenteko azkura eragin du EHUn Arartekoaren ebazpenak. Jendeak zoriondu egin nau ebazpen horrengatik, baina Arartekoak gomendatu egin du, ez du behartzen, eta egoerak berdin jarraitzen du"

“Dakidanez, dezenteko azkura eragin du EHUn ebazpen honek –kontatu digu gasteiztarrak–. Jendeak zoriondu egin nau Arartekoaren erantzunagatik, baina Arartekoak gomendatu egin du, ez du behartzen, eta egoerak berdin jarraitzen du, nik ez dut aldaketarik ikusten”.

Legebiltzarrean hartuko du parte

Datorren astean, hitzordu garrantzitsua du Da Costak: maiatzaren 8an Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza batzordean hartuko du parte eta bere kasua azalduko du. “Azken aukera hori baliatuko dut eta gero deskantsua hartuko dut, hori ere behar dudalako”.

Noelia Da Costa Reviriego gasteiztarrak joan den urrian xehe azaldu zion ARGIAri bere egoera. Bere hitzetan, graduondoari uko egitera ere animatu zuten: "Nik uste beraiek pentsatu zutela jarraitzeari uko egingo niola, baina ez da hala izan eta haiek ere harrituta geratu direla. Nolabait, ikasketa hauetarako sarbidea betatu didate, diskriminatzailea da. Erakunde publikoa zara eta ikasleentzako eskaintza bat egiten baduzu, denentzat da edo ez da zilegi. Benetan denentzako eskaintza bada, jarri laguntzak eta bermeak, bakoitzak behar ezberdinak ditugulako".

EHUko Gizarte Kontseilura ere iritsi zen gaia, Fernando Mijangos Kontseiluko kidearen eskutik. Eva Ferreira EHUko errektoreak bertan erantzundakoaren berri eman genuen. Hala nola adierazi zuen ez dutela "ahalmen nahikoa behar bereziak dituzten pertsona guztiei arreta pertsonalizatua emateko, bizitza osoan zehar daukagun prestakuntza eskaintza guztia egin nahi badute".