argia.eus
INPRIMATU
Garrazkiak: Gozo usaindu eta garratz bizi
  • Garrazkien sasoia da. Gero eta gehiago ikusten dira gure baratzeetan. Gehienetan etxe inguruan. Hemengoak, gureak ez direlakoan, immigranteak diren ustetan, eta hozkilak izaki, hemen atarramendu exkaxa izango zutelakoan ale bakanen batzuk besterik ez zen ikusten lehen, batik bat Bizkaiko lurralde epeletan eta Lapurdiko etxeren batean. Gero jabetu gara ederki hazi eta fruitua poliki ematen dutela.

Jakoba Errekondo 2021eko apirilaren 29a
Lima-mandarinondoa fruituz eta lorez beteta.

Hotz handirik ez den tokietan negurako babes berezirik antolatu gabe ere nonahi ikus daitezke laranjondoak (Citrus sinensis) eta limoiondoak (Citrus x limon) alez mukuru eta oraintxe lorez gainezka. Eta orain denok nahi ditugu atari aurrean; izan ere, batzuen loraldiak duen lurruna erogarria da. Eta gure betiko berexi usainean ez dugu auzoan ikusten ditugun limoi eta laranjak izatera errenditu nahi. Nola ba! Zerbait bitxia nahi eta hor azaldu zaizkigu mintegi eta landare dendetan, lorategi soil eta baratze jantzietan zein baino zein garrazki xelebreagoak: limondoa (Citrus aurantiifolia), Tahitiko limondoa (Citrus latifolia), limetondoa (Citrus limetta eta Citrus limettioides), zidrondoa (Citrus medica), mandarinondoa (Citrus reticulata), klementinondoa (Citrus clementina), satsumondoa (Citrus unshiu), tangerinondoa (Citrus tangerina), lima-mandarinondoa (Citrus limonia), arabisagarrondoa (Citrus x paradisi), laranjondo mingotsa (Citrus aurantium), kumkuatondoa (Citrus japonica), laranja gogorrondoa (Citrus trifoliata), Budaren eskua (Citrus medica var. sarcodactylis), bergamotondoa (Citrus bergamia), odol-laranjondoa edo sangina (Citrus sinensis), yuzuondoa (Citrus x junos edo Citrus ichangensis x Citrus reticulata var. austera) eta abar. Pentsatzen da garrazki guztiak lau garrazki naturaletatik naturalki edo artifizialki hibridatuz sortutakoak direla: limoiondoa, arabisagarrondoa, mandarinondoa eta papeda (Citrus micrantha). Erraz hibridatu edo nahasten dira Citrus-tarrak beraien artean eta hibridatutakoak baita berhibridatu ere... Horrela sortu dira eta sortzen ari dira barietateak eta barietateak. Eta presta gaitezen gure baratzeetan ikusteko; eta garrazkidi sailak gure izango ditugula ere ikuskizun dugu.

Garrazkiek etorkizun oparoa dute, elikaduran erabiltzen dira asko: batik bat zuritu eta atalka jaki edo zukututa edari. Hor dira marmelada sonatuak ere edota edari berezien edalontziaren ertzean apaingarri edo barruan freskagarri. Azalekin olioak ekoizten dira eta kosmetikarako bestelako gai asko ere bai. Farmaziaren industria erraldoiak ere erruz erabiltzen du garrazkien azido zitrikoa.

Gure gazte danboran heroinazale jonkiek limoi zukua erabiltzen zuten heroina urtu eta injektatzeko. Non aritu ziren arrastoa garbia izaten zen: txuta eta limoia. Lehengoan lagun baten etxe berria ezagutzera joan eta aldamenean duten fruituz dariola dagoen laranjondoaz galdetu eta “laranjondo hiltzailea” esaten diotela esan zigun. Nonbait inguruko aitona batek argitu dio nola lehen arbolaren azpian, erdi-ezkutatzen ziren jonkiak eta limoia beharrean laranja erabili; eta laranjak azido zitriko oso gutxi... Orain lagun horiek zaintzeko dauden etxeetan zuzenean azido zitrikoa ematen diete. Limoiondoa jar dezatela, istorioetarako behinik, atarian. Nora jo ederki adieraziko du.