1977an Roman Polanski zinemagileak bortxatu zuela salatu zuen 2013an Samantha Geierrek, orduan 13 urte zituela. Ordutik beste emakume batzuk ere salatzera ausartu dira. Orain polemika piztu da, bere film berriak, J'accuse, Frantziako Estatuko Zine Akademiako Cesar sarietan 12 izendapen jaso baititu.
“Polanski bortxatzaile” eta “konplizeak” zioten garrasi artean hartu dute Roman Polanski zinemagile frantziar-poloniarra. Bere azken filmak, XIX. mende amaiera Émile Zolak idatzitako gutunari keinu bat eginez, eztabaida piztu du Frantziako Cesar sarien izendapenei dagokionez.
400 aktore eta zuzendari frantziarrek ere gutun bat argitaratu dute Le Monde aldizkarian, Frantziako Zine Akademian erreforma eskatzeko. "Afera moralak alde batera utzita" egin behar dela sari banaketa adierazi zuen Alain Terzian Akademiako presidenteak.
Urte luzetako borroka
Ia bost hamarkada dira Polanskiren aurkako lehen bortxaketa salaketa kaleratu zenetik. 1978an Ameriketako Estatu Batuetatik alde egin behar izan zuen, hango justizia bere bila zebilelako; eta frantziar nazionalitatea zuenez, Estatuak bera estraditatzearen aurka egin zuen.
1975ean bortxatu zuela salatu zuen emakumeak, Valentine Monnierrek, gutun bat kaleratu du, Polanskiren azkeneko filma sari horietan egotea salatzen. Film horretan bere burua biktimatzat azaltzeko “lotsagabekeria” egin duela esan du, 15 urte besterik ez zituenean bortxatu zuela azpimarratuz.
Keinu txikiak biktimekiko elkartasunez
Polanskiren izendapenak hautsak harrotu ditu, eta berriz piztu du artista eta pertsona desberdindu ala ez eztabaida. Joan den abuztuan famatu egin zen Veneziako film festibaleko epaimahaiko presidente Lucrecia Martelek egindako keinua. Orduan ere Romanskiren film berriak izendapenak jaso zituen, baina Martelek uko egin zion emanaldira joateari, biktimei “elkartasuna adierazteko”.