argia.eus
INPRIMATU
Garraiolarien greba-txanda, traba handia Macronen martxan
  • Irailean, hainbat greba, manifestaldi eta mobilizazio iragarrita zeuden Frantzian, eta langileria erantzuten ari da. Atzo, garraiolariek gogor egin zuten Lan Kodearen erreformaren aurka. Garraiolariek erregaien geltokietan ondorio latzak eragin litzakete.     

Mikel Asurmendi @masurmendi 2017ko irailaren 26a
CGT eta FO sindikatuek deitutako mobilizazioek blokeoak eragin zituzten Frantziako errepide askotan. Argazkia: Philippe Chérel / Ouest-France.

Greba eta mobilizazioez gain, blokeoen tenorea iritsi da Hexagonora. Atzo, GCT eta FO sindikatuek garraio sektorean dei berezia egin zuten, baita garraiolariek fermuki erantzun ere. Bide-gidarien ustez, Lan Erreforma berriak garraio enpresa handietako txofer asko langabeziara kondenatzeaz gain, tokiko langileen baldintzak ahulduko ditu.

Atzoko mobilizazio eta blokeoek eragin zituzten bideko langileen iritzietan, garraio sektoreko patronalak “gezurrak” edota hitz “zehaztugabeak” erabili ditu euren aldarrikapenen aurrean.

Blokeoak Bretainia, Loira eta Normandian zabaldu ziren bereziki. Ondorioz, Frantziako Lan ministro Muriel Pénicaudek “errepidetako garraioaren afera arazo sakonekoa" dela onartu behar izan du. Ministroak “Lan Kodearen erreforma ezarri baino lehenagotik datozen konpondu gabekoak arazoak” daudela adierazi du ere bai.

Iragan igandean, Calvadoseko Falaise (Normandia) herriko erregaien estazio bat itxi zuten garraiolarien blokeoaren ondorioz. Garraio ministro Elisabeth Bornek onartu duenez, arazoa bideratu ezean, garraioaren aferak larriki eragin dezake eguneroko bide zirkulazioan eta elkarbizitzan.

Lan Kodearen erreformaren aurka fermuki abiatu diren sindikatuen eta gobernuaren arteko harremanak bideratu ezean, garraio sektoreak “larrialdi egoera”-ra eraman lezake Frantziako Estatua.