argia.eus
INPRIMATU
Garraiolari bat hil da Larrabetzun laneko istripu batean
  • Garraio sektorean aritzen diren hamabi behargin hil dira aurten. LABek azaldu du garraio sektorean gertatzen diren heriotzak “erabat saihesteko modukoak” direla, eta horretarako borondate politikoa “besterik ez” dela behar, bai erakunde publikoen eta bai enpresen partetik.

Julene Flamarique 2024ko abenduaren 10
Irunen hil zen garraiolariaren heriotza salatzeko elkarretaratzea Donostian LAB

Abenduaren 9an, 57 urteko kamioilari bat hil da Larrabetzun izandako lan istripu batean. Trans Jaylo S.A. enpresako langilea zen, eta ezbeharra kamioia galtzadatik atera zenean jazo da, kabinak kolpe handia jaso duenean Erletxes parean. Beharginak materiala deskargatu berri zuen Santurtziko portuan, eta Abadiñora zihoan hango enpresa batean bobinak kargatzeko.

ELAk azaldu duenez, lan-baldintza txarrak direla eta, garraioarena lan istripu tasa handienetako sektorea da. “Estrategikotzat” jotzen den garraio sektorean patronalak egiten duen presioak eta zenbait errepideren egoera txarrak egoera “larriagotzen” dutela azaldu du, eta askotan halako lan-istripuak trafiko istripu gisa erregistratzen direla ohartarazi.

Urte honetan 61 langile hil dira Euskal Herrian

LABek ere laneko istripua salatu du. Sindikatuak aditzera eman duenez, urte honetan hamabi garraiolari hil dira jada, eta honekin, dagoeneko 61 dira Euskal Herrian urte hasieratik lanean izandako heriotzak, iaz baino bi gehiago. Garraio sektorean gertatzen diren heriotzak “erabat saihesteko modukoak” direla azaldu du, horretarako “borondate politikoa" besterik ez dela behar, "garraiolarien lan eskubideak bermatuko dituzten neurriak jartzeko, baita erakunde publiko eta enpresa guztien inplikazioa ere”.

LABek “lan istripu hilgarrien gaineko datuak estaltzea” leporatu zion Nafarroako Gobernuari azaroaren amaieran.