Espainiako Estatuan hainbat garraiolari elkarte egiten ari diren greba nabarmen ari da eragiten elikagai eta industria enpresen horniduran. Espainiako Gobernuak hobariak hitzeman ditu laguntza modura, baina Hiru sindikatuaren ustez ez dira konponbidea eta Eusko Jaurlaritzaren inplikazioa ere eskatu du.
Agintariak herritarrei jadanik eskatzen ari dira ez dezatela behar baino gehiago erosi saltokietan, hornidura “ziurtatuta” dagoelako. Baina aldi berean, Espainiako Estatuko elikadura sektoreko enpresa nagusien patronalak garraiolarien grebarekin amaitzeko eskatu du, esanez euren ekoizpena arriskuan dagoela. Esaterako, Danone, Heineken, Cuétara eta beste hainbat janari eta edari marka ezagun zailtasunetan direla aitortu dute edo makinak itzali behar izan dituzte.
Zailtasunak eraman ditu, hain zuzen, milaka kamioilari grebara duela astebete baino gehiagotik hona, kostuen gainetik lanean aritzeak ez duela merezi iritzita. Joan den astean Espainiako Estatuan ordezkaritza txiki bat zuen plataforma batek deitu zuen greba, baina agerikoa da garraiolarien artean deialdiak izandako babesa, eta astearte honetan ordezkaritza zabalagoa duten elkarteak ere baitu zaizkie, erregaien prezioen gorakadagatik protestan.
Tarifen berrikuspen automatikoa da Hiru sindikatuak duen aldarrikapen nagusietako bat: lehengaia garestitzen bada, garestiago eskaintzea zerbitzua, eta alderantziz
“Duintasuna eskatzen dugu”
Espainiako Gobernuak Errepideko Garraioaren Batzorde Nazionalari hitzemandako 500 milioi euroko hobariak ez zaizkie nahikoa iruditu elkarte horiei. Grebarekin bat egin duen Hiru sindikatuarentzat ere behin behineko laguntza hori ez da soluzioa: “Gu eskatzen ari gara tarifak berrikustea gastuen arabera, eta dirulaguntza horrek ez du zentzurik”, azaldu dio Naiz irratiari Jon Altuna Hiruko ordezkariak.
Sánchezen gobernuak erregaien prezioari mugak jartzeko erakutsitako asmoa ez da “gaizki etorriko”, dio Hiruko kideak, baina ez da irtenbidea: “Beste era bateko aldaketak nahi ditugu, garraioak izan behar du prezio egoki bat, duina izan dadin, duintasuna eskatzen dugu”. Tarifen berrikuspen automatikoa da Hiru sindikatuak duen aldarrikapen nagusietako bat: lehengaia garestitzen bada, garestiago eskaintzea zerbitzua, eta alderantziz, merkatzen bada, merkeago izan dadila garraioa.
Hiruk salatu du Eusko Jaurlaritzak Guitrans elkartearekin eta portuetako eta plataforma logistikoetako langileen ordezkariekin bildu denean bazterrean utzi duela garraiolari autonomoen sindikatua. Aldiz, Nafarroako Gobernuarekin bildu da, Tradisnarekin batera: “Guk nahiko genuke administrazioekin batera lan egin eta hemengo garraioa laguntzeko zer neurri har daitezkeen aztertu”, azaldu dio Naiz irratiari Altunak.
Gertuko garraiolaria zaindu
Administrazioari bertako garraiolaria “zaindu” dezala eskatzen diote, eta Altunaren ustez horretarako badituzte eskuduntzak: “Asko egin dezakete garraioak prezio egoki bat izan dezan, inork ez dezan horren azpitik lan egin, prezio hori jaitsi ez dadin, eta ez dadin azpikontrataziorik edo jokabide makurrik egon. Horretan lan asko egin dezakete hemengo administrazioek”.
Baina egoera ez da batere erraza izaten ari bere hitzetan, batzuek kamioirik izan gabe irabazien “puska handi bat” eramaten duten bitartean, edo zerga ihesaren bidez eta jokabide desegoki edo makurrekin gidariak baldintza kaskarretan dituzten bitartean, bestetzuk ez daudelako prest “huskeria” bat irabaztearren arriskutsua den lanbide batean jarraitzeko: “Garraiolari autonomoa gaur egungo baldintzetan desagertu egingo da, eta desagertuko da gertuko garraio hori, gure ustez eraginkorra dena”.