argia.eus
INPRIMATU
Garraio publikoaren doakotasuna benetan eraginkorra ote da?
  • Garraio publikoa doan eskainiz gutxitu nahi dute aireko kutsadura Alemaniako bost hirik, tartean Bonn, Essen eta Mannheimenek.  Albisteak, ordea, txaloak bildu dituen moduan jaso ditu kritikak ere, itxura batean onurak baizik ekarri beharko ez lituzkeen estrategia honek porrot egin duelako herritarren mugikortasun ohiturak aldatzeko helburuan. Eszeptikook Estoniako hiriburu Tallinn aipatzen dute adibidetzat.

ARGIA @argia 2018ko otsailaren 16a
Tallingo herritar bat doako autobusa erabiltzen. (Argazkia: Citiscope)

ARGIAk berrikitan “Garraio publikoa doan eskainiz, kutsadura murrizten saiatuko da Alemania” plazaratu ostean, Asier G. Barrenetxeak Twitterrez erantzun zuen: “Ez da adibiderik onena. (…) Doakotasuna, batez ere kolektibo zehatz batzuentzako, giza ikuspegitik ondo dago baina jakin behar dugu atari bat dagoela non garraio pribatuaren erabilera eta prezioaren arteko erlazioa desagertzen da. Eta doakotasunak oinez edo bizikletaz egiten diren ibilbideetan eragina duela”.

Tallinngo kasua aipatuz, Ecomovilidad webgunearen erreferentzia jarri zuen Gomez Barrenetxeak. Tallinngo udalak 2013an ezarri zuen doakotasuna bere garraio publikoetan, horrekin mugikortasuna hobetu, kotxeen zirkulazioa gutxitu eta ingurumenean zein jendeen bizi kalitatean bistakoak diren onurak ekarriko zituelakoan. Hiru urte beranduago, Suediako Teknologia Institutuak erakutsi omen duenez, espero ziren emaitzak ez ziren hitzorduan azaldu: garraio publikoetan bidaiariak %3 ugaritu ziren, baina autobus zerbitzuaren zenbait hobekuntzari zor zaizkionak kenduta, ikerlanak kalkulatu du doakotasunari esker bidaiariak %1,2 baizik ez direla ugaritu.

Ecomovilidadek dioenez, garraio publiko pagatuzkoa baino autoa merkeago ateratzen zaiela diotenak beren buruak zuritzen ari dira: “Prezioa ez da faktore erabakigarria herritarrak garraiabidea hautatzerakoan, garrantzia handiagoa  dute bidaiatzeko moduak behar duen denborak, erosotasunak edo baita norbera auto baten jabe izateak ere. Horregatik garraio publikoaren doakotasunak ez du aldatzen herritarraren hautua. Hau lortu nahi izanez gero, eraginkorragoa da kotxearen erabilera zigortzea. Aldiz, gidariek [autobusen doakotasunarekin] kotxea utzi ez duten bezala, aldaketa egin duten bakarrak dira ordura arte bidai laburrak oinez egiten zituztenak. Ez zaigu ezaguna egiten? Horixe bera da bizikleta publikoaren eraginetako bat, bere erabiltzaileetako asko lehengo oinezkoak baitira”.

Beste ondorio bat ere ateratzen du Ecomovilidadek, Tallinnen bezala beste edozein hiri handitan balio duena: doakotasunak bidaiarik gehienak lortu ditu behartsu gehien bizi diren auzoetan. “Honek erakusten du zenbateraino diren gaindiezinak garraioen prezioak populazioaren parte batentzako. Administrazioak bermatu beharra dauka mugikortasun eskubidea,  tarifak murriztuz edo kenduz pagatu ezin dituztenei. Hona errezeta: tarifa integratuak eta malguak jende guztientzako eta sarea bidaiarien interesen arabera antolatzea".