Alemaniako Gobernuak bultzatuta, udako hilabeteetan 9 euroren truke nahi beste bidaiatu ahal izango da tren batzuetan eta garraio publikoan, argindarraren prezio gorakadari aurre egitea helburu. Herritarrak saldoan joan dira bonoak erostera, baina bada trenbide-sarea "kolapsatu" egin daitekeela ohartarazi duenik, baita hainbat erabaki hartu aurretik zaharkituak geratu diren azpiegiturak hobetzea beharrezkoa dela ere.
Inflazioari aurre egitea du helburu Gobernuaren ekimenak, Ukrainako gerrak eragin duen argindarraren prezio gorakadari batez ere. Hainbat neurri jarriko ditu indarrean asteazkenean, 9 euroko bonoak tartean. Garraio-enpresen ohiko irabaziak orekatzeko, 2.500 milioi euro bideratuko dira, El Diario hedabide digitalean irakur daitekeenez.
Aldo Mas kazetariak jaso duen moduan, ekainean, uztailan eta abuztuan baliatu ahal izango da bonoa, garraio publikoan eta tren sareetan, ICE abiadura handikoetan eta Intercity-etan salbu. Aurreikusi bezala, milaka eta milaka erabiltzailek eskuratu dituzte jada tiketak.
Dena den, ekimenaren arrakastak haren porrota ekar dezakeela nabarmendu du hainbat adituk. 1995ean gertatua ekarri dute gogora, proba egin zutenean ostiraletik igandera bitartean erabili zitekeen 7,5 euroko bonoarekin. Jende mordoak eskuratu zuen; eskaera izan zen eskaintza baino askoz ere handiagoa, eta garraio enpresek ezin izan zuten horrenbeste bidaiari hartu. Eta oraingoan ere, tamainako beherapena eskaintzea azpiegiturak (trenak, trenbideak...) hobetu gabe, arazoak ekar ditzakeela ohartarazi dute IW institutuko arduradun Hubertus Bardt bezalako adituek, hamarnaka urte baitira ez dela inbertsio publiko handirik egin trenbide sarea hobetzeko. Zentzu horretan, 2021ean sektorean 15.400 milioi euro inbertitu zirela gogorarazi du Handelsblatt egunkariak, baina trenen puntualtasuna okerrera doala.