argia.eus
INPRIMATU
Garraio publikoa doan eskainiz, kutsadura murrizten saiatuko da Alemania
  • Garraio publikoa doan eskainiz gutxitu nahi du aireko kutsadura Alemaniak. Asmo hori jakinarazi diote herrialdeko hiru ministrok, tartean Ingurumenekoak, Europar Batasunari.

ARGIA @argia 2018ko otsailaren 14a
Bost hiritan probatuko dute doako garraio publikoa, kutsadura murrizteko neurri gisa.

Aitzindaria litzatekeen neurria momentu berezian dator Alemanian: herrialdeko industriaren ikonoetako bat den Volkswagen auto-enpresa “Dieselgate” afera dela-eta kolokan jarri ostean. Volkswagenek bere autoen emisio kutsagarrien inguruko datuak faltsutu zituela frogatu zuen eskandaluak, eta badirudi zalaparta mediatikotik harago, erabaki politikoak ere bultza ditzakeela.

“Beharrik gabeko atzerapenetan galdu gabe, airearen kutsadura modu eraginkorrean borrokatzea Alemaniaren lehentasun handienetakoa da”, azaldu dute ministroek Europar Batasuneko Ingurumen komisarioari bidalitako gutunean, The Guardian egunkariak argitaratu duenez.

Doako garraio publikoak kutsadura gutxitzeko balio duenetz frogatuko dute “beranduenez urte amaieran” mendebaldeko Alemaniako bost hiritan, tartean Bonn, Essen eta Mannheimen.

Gainera, emisio kutsagarriei muga zorrotzagoak jarri nahi dizkiete Alemanian, autobusek eta taxiek eragindako kutsadura ere arrastoan sartuz.

Europako Ingurumen Batzordearen arabera, bizitza mehatxatzen duen kutsadura-kopuruak daude Europako 130 hiritan eta 400.000 heriotza inguru eragiten dituzte.

Kutsadurari EBk jarritako mugak betetzen ez dituzten estatuek Europako Justizia Auzitegiaren ekimen legalei aurre egin beharko diote gainera, The Guardianek publikatutako AFPren albisteak gogorarazi duenez: Batasuneko kide diren estatuek isunak ordaintzeko arriskua dute beraz, neurri eraginkorrak hartu ezean.