argia.eus
INPRIMATU
Garraio publikoa doakoa izango da Luxenburgon
  • Aurrekaririk ez duen neurria hartu du Europa erdialdeko herrialde honek. Hemendik aurrera Luxenburgon barrena garraio publikoz mugitzearen truke ez da ezer ordaindu beharko.

Axier Lopez @axierL 2020ko martxoaren 02a
Argazkia: Euractiv

Herritarren diruarekin ordaindutako autobusa, trena edota tranbia erabiltzearen truke herritarrek ez dute berriz ordaindu beharko. Garraio publikoak doakoak izango dira. Hedabide askok azpimarratu dute munduan parekorik ez duen neurria izan dela. Doakotasunak bi salbuespen ditu: trenean lehen klaseko billeteak eta zenbait udalerritan gauean eskaintzen diren autobus zerbitzu bereziak. Garraio publikoaren erabiltzaileek urtero 41 milioi euro ordaintzen zituzten. Orain arte tarifa laua zuten garraio publiko guztietan: lau euro egunean

Horrekin batera gobernuak trenbide sarea hobetzeko eta garraio publikoa erabiltzeko neurriak garatu nahi ditu, hala nola hiri sarreretan autoak uzteko parkinak eraikitzea. Luxenburgon lantokira joan-etorria egiteko hamarretik seik auto pribatua erabiltzen du. Gobernuak kopuru hori erdira murriztu nahi du, garraio publikoa sustatuz eta bizikleta eta autoa partekatzearen aldeko neurriekin.

François Bausch garraio ministroa eta Berdeak alderdiko burua da. Neurriaren aurkezpen publikoan adierazi du gastua zergen bidez estaliko dela, "asko kobratzen dutenek zerga gehiago ordaintzen dituztelako eta gehiago lagunduko dutelako". Neurri hau ez dela zerbait isolatua izango azpimarratu du, “epe luzeagorako plan baten parte izango da, 600 kilometroko bidegorri-sare bati esker emisioak murriztu nahi ditugu, parkeetan inbertituko dugu eta 2030erako autobus guztiak elektrikoak izatea da helburua”.

Munduan per capita errentarik handiena duten herrialdeetako bat da Luxenburgo. 2018ko urrian osatu zen egungo koalizio gobernua: Alderdi Demokrata (neoliberala) buru, sozialistekin eta berdeekin elkarlanean. Xavier Bettel da presidentea 2013tik.