argia.eus
INPRIMATU
EAEko garraio, jantoki eta garbiketa zerbitzuetako azpikontratetan ere greba deitu dute 15erako
  • Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza arloko azpikontratetan ordezkaritza duten sindikatuek grebara deitu dute hilaren 15ean, irakaskuntzan deitutako grebarekin bat eginez.

ARGIA @argia 2020ko irailaren 09a

ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deitu dute grebara, EAEko hezkuntza arloko azpikontratetan: garbiketa, eskola-jantokiak eta eskola-garraioa. Bestalde, osteguneko (hilak 10) mobilizazioetan eta ostiralean (11) Bilboko Arriaga Antzokian egingo den elkarretaratzean parte hartzeko deia egin dute.

Sindikatuok eskatu dute segurtasun-neurriak planifikatzea eta garatzea, "lana bermeekin egin ahal izateko". Halaber, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eskatu diote "eraginpeko kolektibo guztiekin" negoziatzeko eser dadila, "segurtasun baldintzetan irakastea bermatzeko irtenbiderik onena bilatzeko, lanpostu guztiak eta horiek betetzen dituztenen osasuna babeste aldera".

Azaldu dutenez, abuztu amaieran, Hezkuntza sailburuak iragarri zuen aurrekontu-partida gehigarri bat bideratuko zela garbiketa-zerbitzurako, egungo egoerari erantzunez. "Hala ere, kontratatu diren errefortzu apurrak neurri epelak dira ehunka ikasle hartzen dituzten ikastetxeak desinfektatzeko. Gainera, gaixotasunagatiko bajak bete gabe daude oraindik".

Diotenez, jantokiei eta garraioari dagokienez, "aldizkako kontratu finkoak dituzten langile guztiekin ez dute negoziatzen eta ez dute azaltzen nola antolatuko diren zerbitzuak". Baliabide gehiago behar direla adierazi dute, langile gehiago kontratatu eta ratioak jaitsi behar direla "zerbitzu segurua eta kalitatezkoa eskaintzeko".

Sindikatuek salatu dute ez enpresek ez Hezkuntza Sailak ez dutela horri buruzko informaziorik ematen, eta, beraz, milaka langilek ez dakitela zein baldintzatan eta zein neurrirekin hasiko diren lanean, "hasten badute behintzat".