argia.eus
INPRIMATU
Garoñari bizitza luzatzea baldintza egokirik gabe erabakiko dutela salatu dute
  • Espainiako Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak (CSN) datozen egunetan erabakiko du Garoñako zentral nuklearrak berriz ere funtzionamenduan jartzeko baldintzak betetzen dituen. Ordea, ASTECSN, Kontseiluko teknikariak biltzen dituen elkarteak salatu du erabakitze prozedura behar bezainbesteko gardentasunik gabe egin dutela, eta ez dagoela baldintzarik zentrala berriz abiatzea baimentzeko.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko otsailaren 07a

CSNk segurtasunezko zenbait aldaketa exijitu zizkion zentral nuklearrari bere azpiegituretan, eta ASTECSNk komunikatu bidez adierazi duenez, aldaketa horiek amaituta egon behar dute zentralaren bizitzari buruz edonolako erabaki hartu aurretik. Egun, aldaketa horiek egin gabe daude nahiz eta zentralak horren berri eduki 2015eko apiriletik. Erabakia orain hartzeak, beraz, beharrezko informazio eta aurrebaldintzen gaineko salbuespena eginez hartzea ekarriko luke. Ezin da ziurtatu baiezkoa eman ostean eskatutako aldaketak gauzatuko lituzketen.

Bestalde, Europa mailan eta Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak onetsitako segurtasun azterketa protokoloa —hamar urtean behin aztertzen da zentrala— aldatzeko bidean da CSN, “industria elektrikoaren patronalak hala eskatu baitio”, ASTECSNk dioenez. Aldaketarekin, zentralaren funtzionamendu-epea luzatzeari buruzko erabakiek ez dute loturarik izango egiten zaizkion azterketekin, eta luzaketa horiek ez dira mugatuko hamar urtera; aitzitik, gobernuak erabakiko du epeen luzera.

“CSNk ezkutukeriaz betetako prozesua gauzatu du Garoñan”, salatu du ASTECSNek: “Azterketa bera egin duten teknikariek ez dute txostena ikusteko aukerarik eduki”.

Teknikariek diotenez, nahikoa gardentasunik gabe, onartu gabeko segurtasun protokolo bat erabiliz, eta azpiegituran beharrezko aldaketak egin gabe hartutako erabakiak “justifikaziorik gabeko arriskua hartzea” dakar. Hori “gizartearen ezagutza eta onarpenik gabe” egiten ari dira, ez baita eman zentral nuklearraren bizitzari buruzko eztabaida publikorik.