argia.eus
INPRIMATU
GaroƱaren Kontrako Foroa: “Adi jarraituko dugu, hau ez da amaitu”
  • Garoñako zentral nuklearra ixtea erabaki eta gero, haren eraisketa prozesu luzea –hamabost urte inguru iraun dezake– hasi behar da orain. Zentralaren jabe den Nuclenorrek du ardura lehen fasean, eta Espainiako Estatuari dagokio gainerakoa. Prozesua gardentasunez eta segurtasuna bermatuz egin dadila eskatu du Garoñaren Kontrako Foroak.

Unai Brea @unaibrea2 2017ko azaroaren 14a

Eraisketaren gastuak 600 milioi eurotik gorakoak izan daitezke Garoñaren Kontrako Foroaren esanetan; horien parte handi bat diru publikoz ordainduko da. Izan ere, hasierako lanak Nuclenorrek egin eta ordaindu behar ditu (hau da, Endesak eta Iberdrolak), baina eraisketaren zatirik handiena, 450 milioi euro inguruko gastua ekar dezakeena, Enresa enpresa publikoari dagokio.

Garoñaren Kontrako Foroko Marisa Castrok ARGIAri adierazi dionez, “adi jarraituko dugu, hau ez baita amaitu”. Lehenbiziko urratsa hondakin nuklearretarako biltegia eraikitzen amaitzea da. 2015ean baimendu zuten hura egitea, eta iazko udan hasi ziren altxatzen. Mugimendu antinuklearrak protesta egin zuen orduan, helburua beste leku batzuetako hondakinak Garoñara eramatea izan zitekeelakoan. Orain, ordea, aitortzen dute biltegiaren lanak hasita egoteak azkartuko duela eraisketa. Behin amaituta, hor gordeko da gaur egun zentraleko piszinan dagoen erregai nuklearra.

Gardentasun falta

“Edozein kasutan, inoiz ez da gardentasunez eztabaidatu zer egin behar den hondakinekin”, kexu da Castro. Madrilek Estatuko zentral guztietako hondakinak jasotzeko biltegi orokor bat egin nahi izan zuen Cuencan, baina azkenean atzera egin zuen, ekologisten presioagatik besteak beste.

Marisa Castroren esanetan, Iberiar penintsulako mugimendu antinuklearra biltegi zentralizatu proiektu zehatz haren aurka jarri zen –“kokapena oso txarra zen eta prozesua ez zen garbia izan”–, baina ez dauka argi hondakin biltegi bakarra edo zentral bakoitzerako bana nahiago duen. Edozein kasutan, eztabaida garbia egin dadila eskatzen dute. “Une honetan gobernuak erabakitzen du dena, parlamentuak ere ez du esku hartzen”.

Garoñaren eraisketak iraun bitartean jarraipen zorrotza egingo dutela dio Castrok: “Ez dadila bertan hondakinik utzi aurrez eztabaidatu gabe, baita inguruko herritarrekin ere”. Horrez gain, Ebro ibaiak jasan ditzakeen kalteei adi egongo direla iragarri du Foroak. Castroren esanetan, zesio-137 isotopoaren zantzuak agertu dira ibaian. Aurkitutako kopuruak ez dira kezkatzekoak, “baina horrek ez luke hor egin behar”, argitu du militante ekologistak.