Garoñako zentral nuklearra kudeatzen duen Nuclenor enpresak, hura 2019ra arte ustiatzen jarraitzeko eskaririk ez dio egin Espainiako Industria eta Energia Ministerioari, eskaria egiteko epea jada amaitu den arren. Espainiako Gobernuak ontzat eman du Garoña 2013an ixtea, baina Nuclenor enpresa osatzen duten Endesa eta Iberdrola konpainia elektrikoek uste dute itxiera negoziatu egin daitekeela oraindik. Bestalde, Juan Vicente Herrera Gaztela Leongo presidentea Jose Manuel Soria Espainiako Industria ministroarekin bilduko da, "itxieraren ondorio kaltegarriez" hitz egiteko, Diario de Burgos egunkariak plazaratutako elkarrizketan dioenez.
Nuclenorrek pasa den astean jakinarazi zuenez, sektorearen araudiak sortzen duen "ziurgabetasuna" argitu bitartean, ez du luzapen eskaririk egingo. "Ziurgabetasun" horren atzean arrazoi ekonomikoak daude. Industria Ministerioak oraindik ez du jakinarazi nuklearren sektoreari zenbateko zergak jarriko dizkion, eta hori da Nuclenorri zalantzak sortzen dizkiona.
Soraya Saenz de Santamaria PPko bozeramaileak esan du Gobernuan ez dela deus aldatu, "konpainia elektrikoetan" baizik, eta Nuclenor dela azalpenak eman behar dituena.
Garoñaren aurkako martxa jendetsua
Ehundaka lagunek parte hartu zuten atzo Garoñako zentralaren aurka Barcina del Barco (Burgos) herritik abiatuta egin zen martxan. Garoñaren aurkako koordinakundearen hitzetan, Nuclenorrek luzapena ez eskatzeak "bi gezur" jarri ditu agerian: "Zentrala ez da segurua eta energia nuklearra ez da merkea". Garoñaren finantzazioaren harira, Rafael Mendez kazetariak Jada ez da errentagarria horrelako nuklear bat? galderari erantzun zion pasa den ostiralean El País egunkarian. Analisia irakurri (gaztelaniaz).