argia.eus
INPRIMATU
GaroƱaren etorkizunaz adostasunik ez Nuclenorreko bazkideen artean
  • Apirilaren 26ko bilerak ez du ezer argitu: Garoñaren jabe den Nuclenor enpresako bi bazkideek, Iberdrolak eta Endesak, ez dute lortu zentral nuklearrarekin egin beharrekoaz ados jartzea.

Unai Brea @unaibrea2 2017ko apirilaren 27a

Iberdrolak uko egin nahi dio zentrala berriz irekitzeko baimen eskaerari, Garoña berpiztea ekonomikoki bideraezina delakoan, eta hala egiteko proposatu dio Endesari. Endesak, berriz, nahiago du oraingoz Espainiako Gobernuaren erabakiari itxaron.

Industria eta Energia Ministerioak, bere aldetik, abuzturako iragarrita du zentralaren geroari buruzko ebazpena, sei hilabeteko kontsulta-epea amaitutakoan.

Asteazken goizean, Endesako akziodunen batzarrean, Borja Prado konpainiako presidenteak enpresaren jarrera azaldu zuen, Greenpeacen galdera bati erantzunez.

Arratsaldean Nuclenorreko administrazio kontseilua bildu zen gaiaz erabakitzen saiatzeko, baina ez zen akordiorik erdietsi. Horren ostean eztabaida Nuclenorren akziodunen batzarrera eraman zen, baina horrek ere ez zuen gauzak argitzen lagundu.