argia.eus
INPRIMATU
Garoñako zentral nuklearraren itxiera berretsi du Espainiako Auzitegi Nazionalak
  • Greenpeace erakunde ekologistak aurkeztutako helegitearen gainean eman du epaia Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta argudiatu, Garoñako zentral nuklearraren kasuan indarrean dagoen legea 2009ko uztailaren 3koa dela, ITC/1785/2009 delakoa alegia. Legearen arabera, 2013ko uztailaren 6an itxi behar zen Garoña behin betiko, baina Espainiako Industria Ministeritzak agindua baliogabetu egin zuen partzialki, eta enpresa kudeatzaileak, Nuclenorrek, zentrala ustiatzen jarraitzeko baimen berria eskatu zuen.

ARGIA @argia 2014ko otsailaren 18a
Greenpeacekoak protestan, Garoñako zentral nuklearrean. Greenpeace.

Epaia eman duten magistratuen arabera, “finkatutako datan utzi behar zaio Garoña ustiatzeari [2013ko uztailaren 6an], horretara behartuko luketen babes eta segurtasun arazorik egongo ez balitz ere”.

Raquel Montón Greenpeaceko nuklear arloko arduradunak adierazi duenez, “Garoñako zentrala itxita dago, baita bere jabeentzat eta Segurtasun Nuklearreko Kontseiluko kideentzat ere.  Urratu beharreko bide bakarra, zentral nuklearraren desmantelamentua da”.