Araba Garoñarik Gabe plataformak herritarrei dei egin die zentral nuklearra berriro ez irekitzeko presioa egin dezaten. Garoña berrirekiko balitz Endesa eta Ibedrolako bezero izateari uzteko sinadura bilketa jarri dute abian.
Bi enpresa horiek dira zentrala irekitzearekin etekin gehien aterako luketenak. Horregatik, plataformako kideak beste energia hornitzaile batzuekin harremanetan jarri dira eta arabarrak deitu ditu presio ekimenarekin bat egitera.
Espainiako presidente Mariano Rajoyk 2012ko abendutik itxita dagoen zentralaren etorkizuna irizpide teknikoen arabera erabakiko dela adierazi du, Segurtasun Nuklearreko Kontseilua da erabakia hartzeko arduraduna.
Horren aurrean, plataformako bozeramaile Alberto Fríasek salatu du Estatu espainiarreko energia idazkari ohi Fernando Martík bere postua aprobetxatu duela Garoñako segurtasun arduradun postuetan bere inguruko jendea ezartzeko.
Bi kasu aipatu ditu Friasek: Garoñako segurtasun ikuskatzailea eta inspektore burua ordezkatuak izan direla adierazi du.
Bozeramaileak “Segurtasun Nuklearreko Kontseiluaren izaera tekniko zalantzagarria” azaleratu du, eta gogorarazi du kontseilua alderdi politikoek hautatutako bost pertsonak osatzen dutela.
Garoñaren osasun kaxkarra
Zentral nuklearraren aurkako plataforma arabarrak adierazi duenez Garoña ez dago irekitzeko moduko baldintzetan: beste arrazoi batzuen artean, hondakin erradiaktiboak biltzen dituen tankea bere gaitasunaren %96an dagoela baieztatu dute. Gainera, Ingurumen ministerioaren txosten bat nabarmendu dute; bertan zentrala hozteko Ebroko ura erabiltzen jarraitzea ezinezkoa dela adierazten da.
Larunbaterako, martxoak 15, manifestazioa deitu dute plataformako kideek. 19:00etan Gasteizko Ama Zuriaren plazatik irtengo da.
Garoña berriro ere irekitzea “guztiz arduragabea” dela eta “segurtasun neurriak oraindik ere betetzen ez dituela” salatuko dute, eta Endesa eta Ibedrolan baja emateko konpromisoaren sinadura bilketa abian jarriko da.