argia.eus
INPRIMATU
Garoña ixteko dokumentuak mahai gainean ditu Nuclenorrek
  • Espainiako Segurtasun Nuklearraren Kontseiluak (CSN gaztelaniazko sigletan) Garoñako zentral nuklearra ixteko beharrezko dokumentuak bidali dizkio zentralaren jabe den Nuclenor enpresari. Garoñak martxan jarrai zezan baimena eskatu behar zuten zentralaren jabeek (Endesa eta Iberdrolak erdibana kontrolatzen dute Nuclenor). Ez dute egin, epea agortu da eta beraz, 2013ko San Fermin bezperan itxiko da Garoña, uztailaren 6an.

2012ko irailaren 13a
Protesta ugari egin dira zentrala ixteko eskatuz.

Jarraitzeko baimenik ez eskatzearen atzean, sektorearen araudiak sortzen duen "ziurgabetasuna" aipatu zuen Nuclenorrek joan den astean. "Ziurgabetasun" horren atzean arrazoi ekonomikoak daude: Espainiako Industria Ministerioak ez du jakinarazi nuklearren sektoreari zenbateko zergak jarriko dizkion energia sektorearen erreforma indarrean jartzen duenean.

Garoñaren itxiera gertuago dagoela dirudien arren, Burgosko Diputazioko presidenteak, César Ricok, egoera "berbideratu" daitekeela adierazi zuen atzo. Endesari eta Iberdrolari "kontuak egin" ditzatela eskatu zien, "ez dugu nahi dirua gal dezazuen, baina beharbada zer edo zer irabazteari utzi beharko diozue".

Zentrala behin betiko itxiko balitz, desmuntatzeko lanek luze joko lukete. Enresa enpresa publikoa arduratuko litzateke zeregin horretaz. Duela bi urte hasi ziren Espainiako beste zentral nuklear bat desmuntatzen Extremadurako Zoritan. Orduan iragarri zutenez, 2016ra bitartean luzatuko dira lanak eta 4.000 tona hondakin erradiaktibo sortuko dira.

Informazio gehiago:

Pello Zubiriak aste honetako ARGIA astekarian erradiazio nuklearrak eragiten dituen mutazioez idatzi du. Irakurri Tximeleta mutanteak Fukushiman... eta ziurrenik Garoñan artikulua.