argia.eus
INPRIMATU
Garoña ireki ahal izateko dekretua onartuko du Espainiako Gobernuak
  • Espainiako Gobernuak hilaren amaieran edo otsailaren hasieran onartuko du Garoñako zentral nuklearra berriro irekitzea ahalbidetuko duen dekretua, Alberto Nadal Estatuko Energia idazkariak azaldu duenez. Martxan jartzeko erabakia Nuclenorren esku dago.

ARGIA @argia 2014ko urtarrilaren 15
Garoñako zentral nuklearra itxi eta eraistearen alde pasa den irailean Gasteizen egindako manifestazioa.

Nuclenorrek –Endesak eta Iberdolak osatzen duten enpresak– oraindik ez du argitu dekretua onartuta ere zentrala berriro martxan jarriko duen ala ez.

Iazko uztailaren 7an itxi zuen ofizialki Garoñako zentrala Espainiako Gobernuak, "instalazio nuklear eta erradiaktiboen araudiari jarraituz", Jose Manuel Soria Industria, Energia eta Turismo ministroak adierazi zuenez.

Jada orduan Nuclenor enpresak argi laga zuen etenaldia behin-behinekoa izan zitekeela, zentralaren jarduera gelditzeko arrazoiak "ekonomikoak" direlako. Alberto Cesar Gonzalez enpresa-batzordeko presidenteak esan zuen espero zuela Espainiako Gobernua eta Nuclenor adostasun batera iristea, Garoñak aktibo jarrai dezan.

Zentzu horretan, Joxerra Aizpurua zientzia gaietan adituak ARGIAko blogean zioen Gobernuak kaleratutako dekretuan bazegoela aldaketa garrantzitsu bat beste itxiera ofizialekin alderatuz: “Arazo ekonomikoengatik ixten dela, alegia”. Esaldi horrek ateak irekita utzi zion zentrala berrirekitzeari, beti ere “arazo ekonomikoak” gainditzen badira.

Eguzki kolektiboak maiz salatu du Gobernuak ateak irekiak zituela araudia ministroen eta lobby elektrikoen nahietara aldatzeko, aurre-eraispen agindurik ez baitu eman oraindik. Gobernuak agindu hori eman dezan eskatu du, zentrala behin-betiko itxi ahal izateko lehendabiziko urrats moduan. Zentrala berriro irekitzeak inguruko milioi bat lagunen segurtasuna "arriskuan" jarriko lukeela ohartarazi du Eguzkik.