Nuclenorrek, Garoñako zentral nuklearra kudeatzen duen enpresak, zentralaren itxiera atzeratzeko eskatu zion joan den ostiralean Espainiako gobernuko Industria Ministerioari.
Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak gaur aztertuko du eskaera, urtebete gehiagoko jarduera egiteko baimena eman edo ez erabakitzeko. Industria Ministerioak informea ekainaren 1a baino lehenago bidaltzeko eskatu dio Kontseiluari.
2012ko ekainean Ministerioak eman zuen aginduak dioenez, berez uztailaren 6an itxi beharko litzateke.
PPren gobernuak zentrala 2019ra arte ustiatzeko baimena eman arren, Nuclenorrek 2012ko irailean ustiapenerako luzapena eskatzeari uko egin zion. Iraunkortasun Energetikorako Neurri Fiskalei buruzko Lege berriak zentral nuklearrentzako zerga berriak eskatzen zituelako erabaki zuten jarduerarekin amaitzea.
2012. urte amaieratik darama zentralak geldirik. Nuclenorrek Ministerioari bidalitako oharrean ez zuen baztertzen zentrala berriro martxan jartzeko aukera, baina orain arte eskaerarik egin ez duenez, uztailaren 6ean izango luke ofizialki ixteko agindua.
Epez kanpo egindako eskaera berri honek harridura eta haserrea eragin du hainbat kolektiborengan. Araba Garoñarik Gabe plataformak esan duenez, ez du behin betiko itxiera ez den beste aukerarik onartuko. Berriro martxan jarriko balitz, gizartearen borondateak Estatuaren eta industria boterearen ondoan zer eginik ez duela esan nahiko duela adierazi du.
Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Aldundiak harridura azaldu dute Nuclenorren erabaki berriaren aurrean, baina oraindik ez dute horren inguruko adierazpenik egin.