argia.eus
INPRIMATU
Garoña eraisteko baimena eman du Espainiako Gobernuak
  • Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioa (MITECO) izan da zental nuklearra eraisteko baimena eman duena. Horri esker, Enresaren enpresa publikoaren esku geratu da instalazioaren titulartasuna.

Aitor Gurrutxaga Muñagorri 2023ko uztailaren 17a
Nuklearrari ezetz esateko mugimenduek erabilitako ikurra / Argazkia: Miguel Toña (EFE)

Santa María de Garoñako zentral nuklearra botatzen hasteko baimena eman du Espainiako Gobernuak. Orain arte Nuclenor (Iberdrola eta Endesak osatua) enpresa pribatuaren esku egon da instalazioaren titulartasuna; orain, ordea, Enresa enpresa publikoa izango da titularra.

Eraisketa bi fasetan bananduko da Diario de Burgosen esanetan; lehenengoan (2023-2026), sistema, egitura eta instalazioak deseraikiko dira; bigarrenean (2027-2033), guztiz eraitsiko da. Guztira, 475 milioi euroko gastua izango dute eraiste lanek, eta 350 pertsona inguruk parte hartuko dutela aurreikusi dute.

Nuklearrari ez

Nuklearren aurkako elkarte eta talde ekologistek behin eta berriz kritikatu eta mobilizatu dira Garoñaren aurka, segurtasun falta egotzita, besteak beste –1971n jarri zuten zentrala funtzionamenduan–. Hiriguneetatik gertu kokatuta egotea ere salatu dute sarri, Gasteiztik esaterako. 2009an Eusko Legebiltzarrak nuklearra ixteko eskatu zion Espainiako Gobernuari, hainbatetan eskatu dio berbera Gasteizko Udalak. 2013an agindu zuen Garoñako jardueraren etetea Espainiako Gobernuak; 2014an Endesak eta Iberdrolak berriz ekiteko baimena eskatu zuten; eta Energia Ministerioak 2017an ukatu zien baimena behin betiko.