argia.eus
INPRIMATU
Garoña berriz martxan jartzeko prozesua, aurrera
  • Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak oniritzia eman die zentral nuklearra martxan jartzeko txostenei, Espainiako talde parlamentarioen gehiengoari muzin eginez. Behin betiko erabakia ekainean har dezake.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2016ko otsailaren 04a

Asteazken arratsaldean Segurtasun Nuklearreko Kontseiluaren (CSN) plenoak Garoña berriz irekitzeko prozesuan beste urrats bat eman zuen. Espainiako aurreko legegintzaldiko ordezkaritza duen plenoak –PPk du gehiengoa bertan– zentrala berriz martxan jarri eta bere bizitza 60 urtera luzatzeko txosten teknikoei baiezkoa eman zien.

CSNk entzungor egin dio Espainiako Kongresuko alderdi guztiek –PPk izan ezik– prozesua gelditzeko egindako eskariari, Rajoyren gobernua jardunean badago ere.

Azken erabakia 2016ko bigarren seihilekoan har dezake gobernuak, orduan helaraziko baitio kontseiluak behin betiko txostena Espainiako Industria Ministerioari.

Ordurako, Espainian gobernu berria osatuta egotea espero da. Gobernu berri horren iritzia Garoña berriz irekitzearen kontrakoa bada, CSNk orain hartutako erabakiarekin Endesak eta Iberdrolak –zentralaren jabe den Nuclenorrek, alegia– kalte-ordain handiak eskatu ditzakete.

 

 

Santa Maria de Garoña Burgosen kokaturik dago, Euskal Herriko mugatik oso gertu, eta Espainiako Estatuko zentral nuklearrik zaharrena da. 2012tik geldirik badago ere, ez dago itxita, eta 2031 arte funtzionatzeko eskaera egina du Nuclenorrek.