argia.eus
INPRIMATU
Garoña irekitzekotan Endesa eta Iberdrolarekin kontratua eteteko konpromisoa iragarri dute hainbat eragilek
  • 24 erakundek (alderdi politikoak, sindikatuak, talde ekologistak...) eta bederatzi norbanakok Garoñako berriro irekitzearen aurkako manifestua aurkeztu dute Bilbon egindako ekitaldian. Adierazi dutenez, zentral nuklearra berriro martxan hasiko balitz Iberdrola eta Endesarekiko kontratuak etengo lituzkete, hala nola energia nuklearra saltzen duen beste edozein konpainiarekikoak.

Unai Brea @unaibrea2 2016ko otsailaren 26a
Manifestuaren sinatzaileen esanetan, une honetan Espainiako Estatuan dauden zentral nuklear guztiak lasai asko itxi ahalko lirateke, elektrizitate beharrizanak guztizko ekoizpen gaitasunetik oso behera daudelako.

Zentrala 40 urtez funtzionatzeko aurreikusita zegoela baina beste hamazazpi urtez luzatu nahi dutela azpimarratu dute; gainera, nabarmendu dute Garoña berriro irekitzeko baimena jardunean dagoen gobernu batek eman nahi duela. “Aurrekaririk ez duen egoera batean gaude”.

Txernobyl eta Fukushimak oraingoz utzitako biktima kopurua gogora ekarri dute manifestuaren sinatzaileek: 200.000 hildako, 500.000 pertsona bizilekuz aldatzera behartuta, 680.000 milioi euroko galerak… “Hobe ez pentsatzea zer gerta litekeen Ebro ibaiaren buruan dagoen Garoñan istripua egonez gero”.

“Zentzudun herrialdeek” dageneko ikasi dutela gehitu dute, eta Alemania eta Belgikaren adibideak aipatu dituzte. Lehenbizikoak zentral nuklear guztiak ixteko erabakia hartu du; bigarrenak itxi egingo ditu bi erreaktore zahar, Garoña eta Fukushimakoaren modukoak. Manifestuaren sinatzaileen esanetan, une honetan Espainiako Estatuan dauden zentral nuklear guztiak lasai asko itxi ahalko lirateke, elektrizitate beharrizanak guztizko ekoizpen gaitasunetik oso behera daudelako. %40, zehazki.

Sinatzaileen artean alderdi politikoak, sindikatuak, talde ekologistak eta herri mugimenduko besten zenbait eragile daude. Gainera, bederatzi pertsonak egin dute publikoki manifestuarekin bat, horien artean militante ekologistak eta kultura mundukoak.