argia.eus
INPRIMATU
Garoña berriz irekitzeko prozesua gelditu dadila eskatuko dute hainbat alderdik
  • Greenpeace eta Ekologistak Martxan talde ekologistekin egindako bileran adostu dutenez, Espainiako Kongresuan ordezkaritza duten sei taldek eskatuko dute ez dadila har Garoñako zentral nuklearrari buruzko erabakirik gobernu berria osatu arte.

Unai Brea @unaibrea2 2016ko otsailaren 02a
Greenpeacek Garoñan egindako ekintza baten irudia (Arg.: Greenpeace).

Greenpeacek jakinarazi du alderdi politiko guztiak egon direla bilerara gonbidatuta. PSOEk, Podemosek, EH Bilduk, ERCk, Compromísek eta Unidad Popularrek hartu dute parte; EAJk eta DiLk (Convergència) esan dute gaiaz interesa zutela baina agenda arazoengatik ez izan direla batzarrera joan.

Elkartutako taldeetako ordezkariek Espainiako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluari (CSN) gutun bat bidaltzea adostu dute. Gutun horretan eskatuko dute ez dadila Garoñako zentrala berriro irekitzeari buruzko ezer erabaki gobernua osatuta ez dagoen bitartean. Gainera, CSNko presidente Fernando Martíren agerraldia eskatuko dute.

Bilerara joan ez diren alderdiei akordioaren berri ematea eta bat egin dezatela eskatzea ere adostu dute. Horrez gain, erkidegoetako parlamentuetara eramango dute gaia. Greenpeacen ustez, hartutako konpromisoa abiapuntu egokia da; talde ekologistako Raquel Montónen esanetan, agerian geratu da Espainiako Parlamentuan, une honetan, gehiengoa direla Garoña berriro zabaltzea nahi ez dutenak.