Espainiako Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluaren (CSN) osoko bilkurak beste astebeteko epea eman dio bere buruari Garoñako zentralaren bizitza luzatzeko eskariaz erabakitzeko, otsailaren 1ean egindako bileraren ostean. Nolanahi den ere, itxura osoz zentrala berriro martxan jartzearen aldeko iritzia emango du CSNk.
Urtarrilaren 25ean egindako bileran, Kontseiluak ofizialki jaso zituen Garoñari buruz teknikariek emandako 167 txostenak. CSNko Zuzendaritza Teknikoa zentrala berriz irekitzearen aldekoa da, “baldintza batzuk ezarrita”, urtarrilaren 23an El País egunkariak argitaratu zuenez. Ez dirudi osoko bilkurak bestelako erabakirik hartuko duenik. Aipatutako baldintzak betetzeak 150 milioi euroko gastua ekar liezaioke zentralaren jabe den Nuclenorri (Iberdrolak eta Endesak erdibana osatutako enpresa).
Otsailaren 1eko saioan beste astebete eman dio bere buruari CSNk erabakia hartu aurretik. Haren ebazpenak lotesleak dira segurtasun alorrean. Aurkako txostena emango balu, Garoña ezin izango litzateke berriro ireki. Aldiz, aldeko txosten batek Espainiako Gobernuaren, eta zehazki Industria Ministerioaren eskuetan utziko luke baimena eman edo ukatzeko erantzukizuna. Joan den azaroan, Diputatuen Kongresuko gehiengoak berrirekitze prozesua gelditzeko eskatu zion Gobernuari.
PPk gehiengoa du CSN-n
PPk, berriz, Garoñako jabeen eskariari men egiteko nahia agertu izan du. Popularrek CSNren kontrol politikoa dute 2015eko urritik, ezohiko jokaldi baten ondoren osoko bilkuraren gehiengoa eskuratu baitzen. Gaur egun bost kideetako hiru dira PPtik hurbilekoak, eta beste biak PSOEren ingurukoak.
Horietako batek, Cristina Narbona Ingurumen ministro ohiak, behin eta berriz ezezko botoa eman du Garoña berriz irekitzeko bidean CSNk hartutako erabaki guztietan, eta nabarmendu du Kontseiluak ez duela oraindik sakon aztertu zer ondorio lekarkeen segurtasunaren ikuspuntutik zentral baten bizitza 60 urteraino luzatzeak, horixe baita ugazabek eskatu dutena.
Edozein kasutan, ez dirudi Iberdrola eta Endesaren nahia benetan Garoña martxa jartzea denik –hainbat adierazpenetatik ondoriozta daitekeenez–, haren aldeko erabakia beste zentralen bizitza luzatzeko aurrekari modura erabiltzea baizik.
Otsailaren 4an Garoña betiko ixtearen aldeko mobilizazioa Bilbon
Bizkaiko Garoñaren Kontrako Foroak, hogeitik gora elkarte, sindikatu eta alderdi politikorekin batera, otsailaren 4an Garoña behin betiko itxi eta eraistea eskatzeko mobilizatzera deitu du. Horrez gain, alderdi politikoek Espainiako Gobernuarekin dituzten negoziazioetan zentralaren etorkizuna lehentasunezko gaia izan dadila galdatuko dute, eta berriz irekitzekotan erakunde publiko guztiek Iberdrolaren bezero izateari utz diezaiotela.
12:30ean Euskadi Plazan elkarretaratzea egingo dute lehenik –Iberdrola dorrearen ondoan hain zuzen–, eta handik giza katea osatuz joango dira Sabin Etxeraino, EAJren egoitzaraino. Bidean PSEren egoitzatik igaroko dira, Errekalde zumarkalean. Deialdiak bat egingo du egun horretan Lisboan izango den Nazioarteko Biltzar Antinuklearrarekin.
Arabako Foru Aldundiak epaitegietara eraman lezake Garoña berriz irekitzeko baimena
Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak esan du Aldundiak neurriak har litzakeela azkenik CSNk Garoñak berriro funtzionatzeko baimena emango balu. Zehazki, foru gobernuak helegitea aurkez lezake europar zuzentarau bat urratzeagatik.
Diputatuak azaldu zuzentarauak estatuak behartzen dituela segurtasun nuklearrari buruzko informazioa publikoaren esku jartzera, baita zentrala ostera lanean hasteko egin beharreko inbertsioen berri Europako Batzordeari ematera ere. Espainiako Gobernua ez da arau bi horiek betetzen ari, Gonzalezen esanetan. Garoña Arabarako arriskutsua dela eta CSNren jardunean orain arte gardentasunik egon ez dela gaineratu du Aldundiko buruak.