Jaurlaritzak eskura dituen tresna juridiko, politiko eta instituzional guztiak erabiliko ditu Garoñako zentral nuklearra berriro ireki ez dadin, Josu Erkoreka bozeramaileak Eusko Legebiltzarrean adierazi duenez. Hala ere, zuhurtziaz jokatu behar dela eta ezer baino lehen ahalik eta informazio gehien bildu behar dela gehitu du Erkorekak.
Jaurlaritzako bozeramaileak Legebiltzarreko kontrol saioan egin ditu adierazpenak, Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkidearen galdera bati erantzunez. Zentrala berriz martxan jartzea eragozteko Lakuak zer urrats emango duen galdetu dio Oterok Erkorekari, eta kritikatu egin du gobernuak helegiterik aurkeztu ez izana Espainiako Segurtasun Nuklearraren Kontseiluak (CSN) Garoñaren bizitza luzatzeari emandako onespenaren aurka.
Halaber, Legebiltzarrak orain gutxi Garoña behin betiko ixtearen alde hartutako erabakia gogorarazi du Oterok, hala nola bertako zerbitzu juridikoek CSNren ebazpenaren aurka jo dezaten EH Bilduk egindako eskaria.
Erkorekak erantzun du zer nolako helegitea jar daitekeen arretaz aztertzea dela eman beharreko lehenengo urratsa, bide administratibotik hasiera batean, eta, lehen aukera horrek huts egingo balu, epaitegien bitartez.
Araba Garoñarik Gabe kolektiboak Gasteizen antolatu duen manifestazioaren bezperan etorri dira Erkorekaren adierazpenak. Herrialdeko 250 talde inguruk egin dute deialdiarekin bat; sinatu duten manifestuan, euskal alderdiei eskatu diete Madrilen PPrekin egin beharreko edozein akordiotarako Garoña betiko ixteko konpromisoa ezinbesteko baldintza izan dadila.