argia.eus
INPRIMATU
Garoña behin betiko ixteko eskatu du Espainiako Parlamentuak
  • Espainiako Diputatuen Kongresuko Energia Batzordeak Garoñako zentral nuklearra itxi eta eraisten hasteko plan bat abia dadila eskatu du otsailaren 22an egindako saioan. Horrez gain, zentrala dagoen eskualdea ekonomikoki berpizteko neurriak galdatu dituzte. Talde guztiek bozkatu dute alde, PPk izan ezik.

Unai Brea @unaibrea2 2017ko otsailaren 23a

Onartutako testuaren arabera, Kongresuak Espainiako Gobernuari eskatuko dio ez dezala baimendu Garoña –2012ko abendutik geldirik dagoena– berriro martxan jartzea. Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak zentrala ostera lanean hasteko onespena eman eta gutxira etorri da Energia Batzordearen erabaki hau.

PSOEk eta Unidos Podemosek aurkeztutako ez legezko proposamen bana bilduz ondu dute azkenik onartu den testua, eta alde bozkatu, bi horiez gain, Ciudadanosek, EAJk, ERCk eta EH Bildu barne duen talde mistoak.

PSOEko ordezkariak adierazi du Garoñako ingurua gainbehera ekonomiko nabarmenean dela, “populazioaren erdia galduta”. Horregatik, zentrala itxi eta eraisteko planarekin batera eskualdea berrindustrializatzeko neurrien alde agertu dira parlamentario gehienak.

Podemoseko legebiltzarkide Juan Lopez de Uraldek azpimarratu egin du Garoñaz hitz egitea Espainiako Estatuko parke nuklear osoaren geroaz hitz egitea dela. Garoña berriro lanean hasteko CSNk emandako oniritziak bermea eman die gainontzeko zentral guztiei ere, hasiera batean aurreikusita zuten 40 urteko bizitza gainditu dezaten.

Itxuraz, berme hori lortzea izan da Garoñako jabeen –Iberdrola eta Endesa– asmo bakarra, dagoeneko aditzera eman baitute ez dutela asmorik Burgosko zentral txikiak berriz funtzionatzeko beharko lituzkeen hobekuntzak egiteko.

“Garoñarekin mozteko” elkarretaratzeak

Garoña behin betiko ixteko eskatuz, Endesa eta Iberdrolaren aurkako elkarretaratzeak egingo dira ostegunean, otsailak 23, Bizkaiko hainbat hiritan eta Gasteizen. Deitzaileen esanetan “enpresa horiek diruaren hizkuntza besterik ez dute ezagutzen, "beraz beren hizkuntzan esango diegu energia berriztagarriak soilik eskaintzen dituzten enpresetara joko dugula aurrerantzean".

Elkarretaratzeak honako lekuetan egingo dituzte:

  • Algorta: Basagoiti Etorbidea, 64. 12:00-13:00 / 18:00-19:00
  • Barakaldo: Elkano Kalea, 9. 12:00-13:00 / 18:00-19:00
  • Basauri: Miradoreak, Iberdrolaren bulegoaren aurrean. 12:00-13:00 / 18:00-19:00
  • Bilbo: Urkixo zumarkalea, 33. 12:00-13:00 / 18:00-19:00
  • Durango: Andra Mari kalea, 1. 12:00-13:00
  • Gasteiz: gizakatea, 19:00etan Aldundiaren aurrean.