argia.eus
INPRIMATU
Garoña “behin betiko” ixtea eskatu dute alderdi eta sindikatuek
  • Albiste garratza jaso zuten atzo goizean herritarrek: Espainiako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak onartu du Garoñako zentral nuklearra berriro irekitzearen aldeko eskaera. Prozesuaren hasiera baino ez da hau, baina erreakzio ugari sortu du albisteak: erabakiaren aurka azaldu dira ia talde parlamentario, alderdi eta sindikatu guztiak, baita talde ekologistak ere. Manifestazioa egingo da martxoaren 18an.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko otsailaren 09a
Garoñaren aurkako protesta Bilbon (Arg.: EFE)

Eusko Jaurlaritzak Garoña Fukushimako (Japoinia) zentralarekin konparatu du eta bizitza baliagarria “ondo gainditua” duela adierazi du. Batasunera dei egin du, Garoña “behin betiko” itxi ahal izateko. 

Mikel Otero EH Bilduko kideak CSNren ebazpena “astakeria, eskandalua eta probokazioa” dela esan du eta kontseiluaren “arinkeria” salatu du. Elkarrekin-Podemoseko Juan Ramon Becerrak, berriz, EAJ, PSE-EE eta PP alderdiei eskatu die ate birakariak “herritarren alde” erabil ditzatela “behingoz”.  Juan Carlos Ramírez-Escudero EAJko parlamentariak Espainiako Gobernuari eskatu dio “harkorra” izan dadila eta “herritarren segurtasunean” pentsa dezala. Ildo beretik aritu da PSE-EEko Jose Antonio Pastor: “Orain pilota Mariano Rajoyren gobernuaren esku dago. Gailen dadila sen ona: ez bedi Garoña berriz sistema elektrikora lotu”, adierazi du. Ez du iritzi bera erakutsi, berriz, Nerea Llano PPko parlamentariak, Espainiako Gobernuak “errealitatea eta segurtasun gorena” aintzat hartuko dituela ziurtatu baitu.

Sindikatuak ere CSNren erabakiaren aurka agertu dira. ELAk honako hau adierazi du komunikatu batean: “Gogoratu nahi dugu egun bizi dugun klima eta baliabide krisian inbertsio pribatu zein publikoak energia eredu berri baterako trantsizioa bultzatu behar duela, eta ez mantendu energia fosilak edota nuklearra bezain energia garesti, arriskutsu eta kontaminatzailea”. Ez da malguago azaldu LAB sindikatua, hitz hauek zabaldu dituena: “Garoñako zentralak korrosio arazoak ditu. Horregatik, berriro irekitzea erabaki kriminala litzateke, gobernu genozida baten erabakia”.  CCOO-Euskadik exijitu du Garoña zerratzea eta “eskualdearen dinamizaziorako plana martxan jartzea”.

Greenpeace eta Ecologistas en Accion taldeek parte-hartze demokratikoaren premia aldarrikatu dute. “Ez da eztabaidarik izan, ez politikorik, ez sozialik, ezta teknikorik ere”, adierazi du Pablo Castejón Ecologistas en Accioneko kideak, eta ikuskatzeen zein protokoloen beharraz ohartarazi du.

Araba Garoñarik Gabe plataformak manifestaziora deitu du martxoaren 18rako Gasteizen, zentrala itxi dezatela eskatzeko.