argia.eus
INPRIMATU
Garoña betiko ixteko eskatuko dute, 60 urtera arte irautea onetsi dezaketen susmo artean
Jon Torner Zabala @jtorner 2017ko urtarrilaren 25
Santa Maria de Garoñako zentral nuklearra 2012ko abendutik dago itxita / DANI BLANCO

Eusko Legebiltzarrean eztabaida

Ostegunean, hilak 26, Garoñako zentral nuklearra berriz ere martxan ez jartzeko Arauz Besteko Proposamena eztabaidatuko da Eusko Legebiltzarrean, talde sozialistak sustatuta. Bestalde, Espainiako Segurtasun Nuklearrerako Batzordea (CSN) asteazkenean hasiko da Garoñako zentralaren bizitza 60 urtera arte luzatzea (2031ra arte) egokia litzatekeen ala ez ondorioztatuko duen txosten teknikoa aztertzen. 1970ean eraiki zuten, eta urtebete geroago hasi zen martxan.

Horren aitzakian, Garoñaren Kontrako Foroak deituta elkarretaratze bana egingo dute ostegunean Bilbon eta Gasteizen: Bilbon, 10:30ean PPren egoitzaren atarian (Kale Nagusia, 85); eta Gasteizen 13:00etan, Eusko Legebiltzarraren aurrean.

Foroa osatzen duten eragileek "dezepzioa" agertu dute arauz besteko proposamenaren aurrean: "Edukirik gabekoa dela uste dugu, eta ez direla exijitzen zentral nuklearra betiko ixteko premiazkoak diren ekintza zuzen eta beharrezkoak". Zentrala behin betiko itxi eta eraisteko eskatu dute, eta gaineratu dute urrats horiek emateak lehentasunezkoa beharko lukeela Espainiako Kongresuan gaiaz eztabaidatu eta negoziatzen ari direnentzat.

CSNk zentrala berriz irekitzea onartuko du, filtrazio baten arabera

Espainiako Segurtasun Nuklearrerako Batzordeak (CSN) zentrala berriz zabaltzearen alde egingo du, El País egunkariak aurreratu duenez. Hala balitz, Gobernuak bidea libre izango luke irekiera baimentzeko, nahiz eta, CSNren onespena izanik ere, zentrala ez irekitzeko erabakia har dezakeen, horretarako borondaterik balu bederen.

Bizkaiko Garoñaren Kontrako Foroaren hitzetan, Garoñaren behin betiko itxierari "zentral nuklear guztien itxiera progresiboa" gehitu beharko litzaioke. Zentzu horretan, ezinbestekoa da "gainontzeko zentral nuklearrak berriz ere martxan jartzeko baimenak ukatzea, CSNren independentzia bermatzea eta zentral nuklearrak barne hartzen ez dituen eredu energetiko berri bat lortzeko lanari ekitea".

Frantziako zentral zaharrena ixtea erabaki dute

Garoña biziberritzea erabaki dezaketenean, Frantziako Estatuko zentral nuklear zaharrena, Alsaziako Fessenheimgo zentrala, ixtea erabaki dute. 39 urte ditu zentralak, eta Alemaniako mugatik hurbil dago. Zentrala ixteko prozesua bi arrazoirengatik hartu du EDFk, Adam Vaughan The Guardian egunkariko kazetariak nabarmendu duen moduan: Alemaniak egindako presioengatik batetik, eta Frantzian energia atomikoarekiko dependentzia murrizteko legeagatik bestetik.