argia.eus
INPRIMATU
Garoña: 6 herritar kontra eta 2 alde EAEn
Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2013ko ekainaren 05
Zentrala ixtea eskatzeko manifestazioa Bilbon (Arg: El País / L. A. G.)

Arabako mugan dagoen Santa Maria de Garoña zentralak oposizio handia du EAEko herritarren artean, alde daudenen hirukoitza hain zuzen. Inkesta 950 laguni egin zieten maiatzaren 20 eta 21ean, Espainiako Segurtasun Nuklearraren Kontseiluak zentralaren jarduna luzatzea erabaki baino egun batzuk lehenago.

Jarrera irmoena arabarrek izan dute, %73a kontra baitago eta %13 baino ez dago alde; bizkaitarren artean Garoña itxita ikusi nahi dutenak %57 dira eta %23ak irekita.

Txernobylgo hondamendia gertatu zenean 90 kilometroko ingurua ebakuatu zuten eta Fukushimako kasuan AEBetako gobernuak 80 kilometro arteko ebakuazioa gomendatu zuen. Garoñatik Bilbora 60 kilometro baino gutxiago daude eta 90 kilometroko perimetroan 1.500.000 pertsona bizi dira.

Bestetik, inkestak adierazten du herritarren gehiengoak mesfidati hartzen dituela energia nuklearraren segurtasunari buruzko datuak: %53ak uste du, arrisku hori esaten dena baino handiagoa dela.

PPko boto emaileen artean gehiago dira Garoña irekita jarraitzearen aldekoak (%33) kontrakoak baino (%28), baina zati handienak ez daki edo ez du erantzun (%39). Gainerako alderdien jarraitzaileen artean kontrako jarrera masiboa da.

Inkestak beste hainbat gaien inguruko emaitzak ere badakartza, hala nola birziklapenaz edo erregai fosila lortzeko fracking teknikaz